8. eta azken etapa
Demi Volleringek irabazi du 2023ko Frantziako Tourra, eta Ane Santestebanek zortzigarren postuan amaitu du
EITB MEDIA
SD Worx taldeko txirrindulari herbeheretarra bigarren tokian sailkatu zen 2022an, Tourrean, baina aurten nagusitasun handiz gailendu da. Lotte Kopecky taldekideak egin du bigarren, eta Marlen Reusser suitzarrak, Worxekoa bera ere, azken etapako erlojupekoa eskuratu du.
SD Worx taldeko Demi Vollering txirrindulari herbeheretarrak irabazi du, igandean, 2023ko Frantziako Tourra. Vollering, 26 urtekoa bera, lehen aldiz gailendu da munduko lasterketarik handienean, 2022an erdietsi zuen bigarren postuaren ostean, eta nagusitasun handiz egin du, gainera; izan ere, Lotte Kopecky taldekideak baino hiru minutu eta hiru segundo gutxiago behar izan ditu ibilbide osoa amaitzeko. Marlen Reusser suitzarrak, Worx taldekoa bera ere, azken etapako erlojupekoa irabazi du, Pauen, eta Jayco-AlUlako Ane Santestebanek zortzigarren tokian amaitu du Tourra, bikain.
Volleringek, larunbatean, Tourmaleten, kolpe erabakigarria eman zion lasterketari, eta ia-ia ziurtatu egin zuen azken maillot horia. Zortzigarren eta azken etapako erlojupekoaren 22 kilometroetan, baina, hainbat kontu zeuden zehaztu gabe: alde batetik, ea Canyon taldeko Katarzyna Niewiadomak indarra zuen sailkapen nagusiko bigarren postuari eusteko; bestalde, ea Movistar taldeko Annemiek van Vleuten larunbatean baino hobeto zebilen ala ez; eta, azkenik, ea Kopeckyk berresten zuen Tour osoan erakutsitako maila bikaina.
Erlojupekoan, Niewiadoma bederatzigarren sailkatu da, 1:23ra, espezialista ez bada ere; horrek meritu handiagoa ere ematen dio egindakoari. Sailkapen nagusiko bigarren postua galdu du, baina hirugarren postuan amaitu du Tourra, eta, hori gutxi balitz bezala, mendiko sailkapena irabazi du.
Harrigarriagoa izan da, dena den, Kopeckyk sinatutako erlojupekoa. Belgikarrak hirugarren postua lortu du etapan. Ahaleginak saria ekarri du, Van Vleuten ez baita ondoegi ibili; azken horrek laugarren egin du, azken sailkapen nagusian.
Arestian esan bezala, nabarmentzeko modukoa da Ane Santestebanek eskuratutako zortzigarren postua. Errenteriarrak hamargarren tokian amaitu zuen Italiako Giroa, eta 18. postuan Espainiako Itzulia, aurten ere.
Etapako sailkapena
1 - REUSSER Marlen (Worx) 29:15
2 - VOLLERING Demi (Worx) +0:10
3 - KOPECKY Lotte (Worx) +0:38
4 - BROWN Grace (FDJ) +0:40
5 - MARKUS Riejanne (Jumbo) +0:50
6 - LABOUS Juliette (DSM) +1:17
7 - BARIL Olivia (UAE) +1:18
8 - GUAZZINI Vittoria (FDJ) +1:21
9 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) +1:23
10 - BRAND Lucinda (Lidl) +1:30
Azken sailkapen nagusia
1 - VOLLERING Demi (Worx) 25:17:35
2 - KOPECKY Lotte (Worx) +3:03
3 - NIEWIADOMA Katarzyna (Canyon) d. b.
4 - VAN VLEUTEN Annemiek (Movistar) +3:59
5 - LABOUS Juliette (DSM) +4:48
6 - MOOLMAN Ashleigh (AG Insurance) +5:21
7 - LUDWIG Cecilie Uttrup (FDJ) +9:09
8 - SANTESTEBAN Ane (Jayco) +9:36
9 - BAUERNFEIND Ricarda (Canyon) +9:56
10 - SPRATT Amanda (Lidl) +10:14