Itxi

111. aldiz jokatuko dute

2024ko gizonezkoen Frantziako Tourra Italiatik irtengo da eta Nizan amaitu, 34 kilometroko erlojupeko batekin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Historian 111. aldiz egingo dute lasterketa, eta aurrenekoz aterako da Italiatik, Florentziatik hain zuzen ere; estreinakoz, ez da Parisen amaituko. Lasterketa Apeninoetan, Italiako eta Frantziako Alpeetan, Erdialdeko Mendigunean eta Pirinioetan izango da.

2024ko gizonezkoen Frantziako Tourraren ibilbidea aurkeztu dute. Argazkia: EFE.

Gizonezkoen 2024ko Frantziako Tourra Italiatik irtengo da, hain zuzen ere Florentziatik, ekainaren 29an, larunbatez, eta Nizan amaituko da, uztailaren 21ean, igandez, 34 kilometroko erlojupeko etapa batean. 111. aldiz jokatuko dute proba 2024an, eta, asteazkenean, Frantziako Tourraren antolatzaileek ibilbide osoa aurkeztu dute. Lasterketa Italian hasiko da, aurrenekoz, eta ez da Parisen bukatuko, hori ere historian lehenengoz. 2024ko Frantziako Tourra Apeninoetan, Italiako eta Frantziako Alpeetan, Erdialdeko Mendigunean eta Pirinioetan izango da, guztira bi erlojupeko izango ditu, eta asfaltatu gabeko errepide batzuk zeharkatuko ditu; azken horrek ere ez dauka aurrekaririk lasterketaren historian.

Berritasun asko daude, beraz, hurrengo Frantziako Tourrean. Horietako batzuk Olinpiar Jokoek sortuko dituzte. Parisen izango dira, 2024ko uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean, eta horregatik hasiko da Tourra ohi baino astebete lehenago, alegia, ekainaren azken larunbatean, uztailaren aurrenekoan egin beharrean. Hori da arrazoia, halaber, proba ez amaitzeko Frantziako hiriburuan.

2024ko Tourrak 3.492 kilometro izango ditu, eta, guztira, 52.230 metroko desnibela. Italian, San Marinon, Frantzian eta Monakon, izango ditu bi erlojupeko, zazpi mendiko etapa eta lau helmuga mendateetan. Parte-hartzaileek 27 mendate handi igo beharko dituzte: hiru Apeninoetan, bat Italiako Alpeetan eta 12 Frantziakoetan, hiru Erdialdeko Mendigunean, eta zortzi Pirinioetan.

Lehenengo etapa Florentzia-Rimini izango da, 206 kilometro izango ditu eta, antolatzaileen esanetan, Tourreko "inoizko hasierarik gogorrena" izango da, Apeninoetan barrena ibiliko baita, profil oso gorabeheratsuan. Aurreneko mendiko etapa gogorra "inoizko arinen" jokatuko dute, laugarren egunean hain zuzen: Galibier mitikoa igo beharko dute ziklistek, Valloireko helmugatik 19 kilometrora.

Jardunaldiek aurrera egin ahala, lasterketa berriro ere bueltatuko da Frantziako Alpeetara. Galibierreko etaparen ostean, baina, Tourra Borgoina-Franche-Comtera jaitsiko da, eta bertan egingo dute zazpigarren jardunaldia, 25 kilometroko erlojupeko bat; Nuits-Saint-Gerogesen hasi eta Gevrey-Chambertinen amaituko da, eta, nahiz eta tartean mendate txiki bat egon, laua da oro har, hau da, ona espezialistentzat.

De Gaulle jenerala omenduko dute, Colombey-les-Deux-Eglisesen (horren hilobia bertan dago), eta jarraian helduko diete asfaltatu gabeko errepideei, Troyesen hasi eta bukatuko den etapa batean. Lehen atseden egunaren ostean, haizea izan liteke protagonista hamargarren etapan, Erdialdeko Mendigunera heldu aurretik; han, etapa oso bizia izango da, Auvernia-Rodano-Alpeen artean. Etapako azken zatian, lau igoera egin beharko dituzte txirrindulariek; azkenak, Le Lioranen, ia % 6ko malda du, batez beste.

Aurreikuspena da hurrengo bi egunetako etapak trantsiziokoak izatea, eta ondoren Tourra Pirinioetan izango da. Bertan, jardunaldi bat Saint-Lary-Soulanen bukatuko da, Tourmalet eta Hourquette d'Ancizan igo ostean, eta beste etapa bat Plateau de Beillera iritsiko da; azken hori mendate oso luzea da, 15,8 kilometrokoa, bai eta gogorra ere (batez besteko malda % 7,9koa du).

Hurrengo bi egunetan atseden jardunaldia eta beste etapa lau bat izango dituzte parte-hartzaileek, baina jarraian Alpeetan izango dira berriro. Superdevoulyn eta Barcelonnetten amaituko diren etapak gorabeheratsuak izango dira, baina gogorrena Isola 2000koa da; azken hori amaierarako hiru egun geldituko direla jokatuko dute. Lehenago, Bonette gainditu beharko dute. Mendate hori ez da oso ezaguna, eta 2.800 metroko desnibela du; hain zuzen ere, errepidea horretarako egin dute espresuki, desnibel hori gainditu ahal izateko. 2024ko Tourreko gaina izango da. 22,9 kilometro ditu, % 6,9ko malda batez beste, eta zendu berri den Federico Martin Bahamontes omenduko dute bertan; izan ere, Bonette bost aldiz soilik igo da Tourrean, eta espainiarra izan zen lehenengo postuan aurrenekoan.

Nizatik gertu ere, etapa menditsua izango da, Paris-Nizako ohiko ibilbidean. Couillole mendatean bukatuko da eguna; hori 15,7 kilometroko igoera da, % 7,1eko malda duena. Azken erlojupekoak zehaztuko du erabat sailkapen nagusia, baina; bi mendate izango dira azken etapako ibilbidean (La Turbie, 8,1 kilometro, % 5,6, eta Eze, 1,6 kilometro, % 8,1). Profila ikusita, ez du ematen espezialistentzako etapa izango denik, baina, azken kilometroak lauak direnez, ez dago esaterik, halaber, kronoigoera denik.

2024ko gizonezkoen Frantziako Tourreko etapak:

 

1. etapa (ekainak 29): Florentzia – Rimini (206 km)

2. etapa (ekainak 30): Cesenatico – Bolonia (200 km)

3. etapa (uztailak 1): Plaisance – Turin (229 km)

4. etapa (uztailak 2): Pinerolo – Valloire (138 km)

5. etapa (uztailak 3): Saint-Jean-de-Maurienne – Saint-Vulbas (177 km)

6. etapa (uztailak 4): Mâcon – Dijon (163 km)

7. etapa (uztailak 5): Nuits-Saint-Georges – Gevrey-Chambertin (25 km, erlojupekoa)

8. etapa (uztailak 6): Semur-en-Auxois – Colombey-les-Deux-Églises (176 km)

9. etapa (uztailak 7): Troyes – Troyes (199 km)

 

1. atseden eguna (uztailak 8): Orléans

 

10. etapa (uztailak 9): Orléans – Saint-Armand-Montrond (187 km)

11. etapa (uztailak 10): Évaux-les-Bains – Le Lioran (211 km)

12. etapa (uztailak 11): Aurillac – Villeneuve-sur-Lot (204 km)

13. etapa (uztailak 12): Agen – Paue (171 km)

14. etapa (uztailak 13): Paue – Saint-Lary-Soulan (152 km)

15. etapa (uztailak 14): Loudenvielle – Plateau-de-Beille (198 km)

 

2. atseden eguna (uztailak 15): Gruissan

 

16. etapa (uztailak 16): Gruissan – Nimes (187 km)

17. etapa (uztailak 17): Saint-Paul-Trois-Châteaux – Superdévoluy (178 km)

18. etapa (uztailak 18): Gap – Barcelonnette (179 km)

19. etapa (uztailak 19): Embrun – Isola 2.000 (145 km)

20. etapa (uztailak 20): Niza – Col de la Couillole (133 km)

21. etapa (uztailak 21): Monako – Niza (34 km, erlojupekoa)

Albisteak (2)