11. etapa
Vingegaardek irabazi du Le Lioranen, Pogacar esprintean menderatuta, Erdialdeko Mendiguneko etapa ikusgarrian
EITB MEDIA
2022ko eta 2023ko Frantziako Tourreko irabazlea eta sailkapen nagusiko lider eta 2020ko eta 2021eko Tourreko irabazlea batera helmugaratu dira, eta Vismako txirrindulari danimarkarrak lortu du garaipena. Evenepoel 25 segundora sartu da, eta Roglic laugarren izan da, txirrindularitza egun bikainean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Visma Lease a Bike taldeko Jonas Vingegaard txirrindulari danimarkarrak 2024ko Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa irabazi du, Le Lioranen, Erdialdeko Mendigunean, txirrindularitzako egun ikusgarrian. Sailkapen nagusian, Tadej Pogacarrek lider jarraitzen du; UAEko esloveniarrak Vingegaardekin izan du jokoan garaipena, eta bigarren postua erdietsi du etapan.
Zaleen aurreikuspena zen Erdialdeko Mendiguneko etapak ikuskizuna ekar zezakeela, eta txirrindulariek emandakoak erabat bete du itxaropen hori. Sailkapen nagusiko aurreneko lau gizonek lehia bizia izan dute, eta denak maila bikaina eman. Puy Maryn hasi da guztia, alegia, eguneko 1. mailako mendatean; han, Ben Healy eta Oier Lazkano harrapatuta (biak ala biak etapako ihesaldian izan dira), Tadej Pogacarrek aurrera egin du, ohikoak dituen eraso gogor horietako bat eginda. Gainean, segundo batzuetako aldea zuen Vingegaardekiko, eta Roglic eta Evenepoel apur bat atzerago zebiltzan. Jaitsieran, Galibierren ere jazo zenez, esloveniarrak handitu egin du, pixka bat bada ere, aldea. Primoz Roglic Vingegaarden parean jarri da.
Dena dela, Vismako danimarkarra, Roglic atzean utzita, Pogacarri gerturatzen hasi zaio. UAEko liderrak minutu erdia zuen bere alde, baina laster gelditu dira Tourreko azken bi txapeldunak batera lasterketa buruan; Evenepoel eta Roglic zihoazen atzetik, elkarrekin horiek ere. Etapako amaierara arte, bi bikoteen arteko aldea 40 bat segundokoa izan da; argi zegoen, hortaz, garaipena lasterketa buruko bien artean jokatu behar zutela.
Bazirudien Pogacar zela faboritoa esprintean, kontuan izanik Vingegaardek baino abiadura handiagoa duela, baina Vismakoa bikain aritu da, eta meritu handiko garaipena eskuratu du. Oso esanguratsua izan da, gainera: Euskal Herriko Itzulian eroriko larria izan zuenetik, aurrenekoz gailendu da danimarkarra. Vingegaardek, horrez gain, berretsi egin du sasoi betean dabilela, eta Tourra berriro ere eskuratzeko borrokan sartzeko prest dagoela.
Euskal txirrindularientzat, egun oso zaila izan da. Nabarmentzeko modukoa da, beste behin, Mikel Landak egindako lan bikaina, murgiarra sailkapen nagusiko zazpigarren postura igo baita, eta zein ondo ibili den Oier Lazkano: gasteiztarra lasterketa buruan izan da, lasterketako gizonik indartsuenek aurrera egin baino lehen. Jon Izagirrek Tourra utzi behar izan du, eta Pello Bilbaok 38 minutu galdu ditu. Bizkaitarra, sailkapen nagusian, 35. postuan dabil.
Erdialdeko Mendigunean izandako etapa eder honen ostean, ostegunean 2024ko Frantziako Tourreko hamabigarren etapa jokatuko dute. Lasterketa Aurillacen hasi eta Villeneuve-Sur-Loten amaituko da, eta 203,6 kilometroko ibilbidea izango du. Hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte txirrindulariek, 4. mailakoak hirurak; baliteke esprintak erabakitzea nor den irabazlea, edo ihesaldia garaipena lehiatzeko aukerak dituela helmugaratzea.
Etapako sailkapena
1 - VINGEGAARD Jonas (Visma) 4:58:00
2 - POGACAR Tadej (UAE) d. b.
3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 0:25
4 - ROGLIC Primoz d. b.
5 - CICCONE Giulio (Lidl) + 1:47
6 - ALMEIDA Joao (UAE) + 1:49
7 - YATES Adam (UAE) d. b.
8 - LANDA Mikel (Soudal) d. b.
9 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 1:55
10 - GALL Felix (Decathlon) + 2:38
Sailkapen nagusia
1 - POGACAR Tadej (UAE) 45:00:34
2 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 1:06
3 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 1:14
4 - ROGLIC Primoz + 2:15
5 - ALMEIDA Joao (UAE) + 4:20
6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 4:40
7 - LANDA Mikel (Soudal) + 5:38
8 - YATES Adam (UAE) + 6:59
9 - AYUSO Juan (UAE) + 7:09
10 - CICCONE Giulio (Lidl) + 7:36