Itxi

17. etapa

Richard Carapazek irabazi du Superdevoluyn, eta Evenepoelek hamabi segundo murriztu dizkio Vingegaardi

EITB MEDIA

Leer en Castellano

EF Education taldeko txirrindulari ekuadortarrak eskuratu du garaipena 2024ko Frantziako Tourraren 17. etapan, bakarka, eta Simon Yates (Jayco) sartu da bigarren; Evenepoelek (Soudal) indarra erakutsi du azken igoeran, eta Pogacar liderra eta Vingegaard baino segundo batzuk arinago helmugaratu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EF Education taldeko Richard Carapaz txirrindulari ekuadortarrak irabazi du 2024ko Frantziako Tourreko hamazazpigarren etapa, Superdevoluyn, asteazkenean, bakarka, eta Simon Yates (Jayco-AlUla) sartu da bigarren postuan, 37 segundora. Sailkapen nagusian, UAE Emirates taldeko Tadej Pogacar ziklista esloveniarrak lider jarraitzen du, eta Remco Evenepoelek (Soudal Quick-Step), hirugarren sailkatua bera, hamar eta hamabi segundoko aldea lortu du helmugan, hurrenez hurren, Pogacarrekiko eta Vismako Jonas Vingegaardekiko. Alex Aranburuk (Movistar) hamargarren tokia lortu du etapan.

Etapa gorabeheratsua izan da, eta azken zatia gogorra zuen, zaila. Txirrindulariek ikuskizun ederra eman dute, beste behin. Lehia bikoitza izan da: alde batetik, etapa garaipena lortzeko; beste aldetik, sailkapen nagusiko gizonena. 

Asteazkenean, ihesaldiak arrakasta izan du. Carapazek aurreko Olinpiar Jokoetako errepideko lasterketa irabazi zuen, 2019ko Italiako Giroan nagusitu zen, eta aurtengo Tourreko lider ibili zen, egun batez, hirugarren etapa amaituta; aurrenekoz nagusitu da Frantziako Tourreko etapa batean. Noyerrerako igoera gogorra eta Superdevoluyko maldak baliatu ditu; lehenik, aurretik zihoan Simon Yates harrapatu egin du; gerora, britainiarra atzean utzi du, eta lortutako aldeari eutsi dio.

Podiumera igotzeko lehiari dagokionez, nabarmenena da ematen duela Remco Evenepoel sendo iritsi dela etapa erabakigarrietara. Amaierarako bost kilometro gelditzen zirela, Tadej Pogacarrek erasoa jo du, eta Soudaleko belgikarraren erantzuna Vingegaardek emandakoa baino egokiagoa izan da; azken kilometroan, hori gutxi balitz bezala, aurrera egin du Evenepoelek, eta segundo batzuk jan dizkie aurreko bi postuetan dauden gizonei. Mikel Landaren taldekideak hirugarren postuari eustea omen da, eta pentsatzeko modukoa da erronka hori gauzatzeko moduan dabilela.

Ostegunean, 2024ko Frantziako Tourreko 18. etapa izango da jokoan. Jardunaldia Gapen hasi eta Barcelonnetten amaituko da, 179,5 kilometro eginda. Aurreikuspena da parte-hartzaileek bost mendate igotzea, etapa honetan, 3. mailakoak denak.

Etapako sailkapena

1 - CARAPAZ Richard (EF Education) 4:06:13

2 - YATES Simon (Jayco) + 0:37

3 - MAS Enric (Movistar) + 0:57

4 - DE PLUS Laurens (INEOS) + 1:44

5 - ONLEY Oscar (DSM) d. b.

6 - MARTIN Guillaume (Martin) + 2:36

7 - CORT Magnus (Uno-X) + 2:38

8 - POELS Wout (Bahrain) + 2:39

9 - JEGAT Jordan (TotalEnergies) d. b.

10 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.

Sailkapen nagusia

1 - POGACAR Tadej (UAE) 70:21:27

2 - VINGEGAARD Jonas (Visma) + 3:11

3 - EVENEPOEL Remco (Soudal) + 5:09

4 - ALMEIDA Joao (UAE) + 12:57

5 - LANDA Mikel (Soudal) + 13:24

6 - RODRIGUEZ Carlos (INEOS) + 13:30

7 - YATES Adam (UAE) + 15:41

8 - CICCONE Giulio (Lidl) + 17:51

9 - GEE Derek (Israel) + 18:15

10 - BUITRAGO Santiago (Bahrain) + 18:35

Albisteak (4)

Bideoak (3)