Aurkezpena
Contador: 'Ibilbidea polita da, baina hankek sufritu egingo dute'
Erredakzioa
2012ko Espainiako Vueltako garaileak edizio oso zaila izango dela nabarmendu du, etapa guztietan tentsioa izango delako.
Alberto Contador 2012ko Vueltako txapeldunak Espainiako itzulia “ikusgarria eta polita” izango dela azpimarratu du Vigon. Hala ere, ibilbide gogorrak txirrindulariei “hanketako mina” emango diela ere nabarmendu du.
“Vuelta oso gogorra izango da egunero tentsioa egongo delako mendateetara ondo kokatuta heltzeko. Taldeak eta nik neuk adi egon beharko dugu. Gainera, jendea justu helduko da Vueltako azken txanpara”, esan du Contadorrek.
Itzuliak mendian bukatuko diren 12 etapa izango ditu, eta egunero emozioa egongo da. “Zaleentzat oso Vuelta polita izango da, zentzu horretan bikaina izango da”, esan du Pintoko txirrindulariak.
Contadorrek Frantzian bukatuko den etapa (Payragudes) oso gustuko duela onartu du. “Frantziako etapak 232 kilometro izango ditu, eta sailkapenean aldea ateratzeko mendi asko. Hala ere, bukaera gogorretan helmugako gainsariek itzulia baldintzatu dezakete, eta alde horretan Alejandro Valverdek eta Joaquim Rodriguezek abantaila dute’, azaldu du madrildarrak.
“Tourra izango da nire helburu nagusia, eta Vueltan egon naizen ala ez taldearekin erabaki beharko dut. Oraindik ezin dut ezer konfirmatu”, esan du Alberto Contadorrek.