Abuztuaren 24an hasiko da
Euskaltelen azken Vuelta
Erredakzioa
Abuztuaren 24an hasiko da itzulia Vilanova de Arousan, eta talde laranjak azkenekoz parte hartuko du lasterketa honetan. Etapa garaipena eta sailkapen nagusiko lehian egotea dira taldearen helburuak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskaltel Euskadi asteazken honetan abiatu da Vilanova de Arousarantz, abuztuaren 24an bertan hasiko baita 2013ko Vuelta. Taldea desagertu egingo da denboraldi amaieran, ez baitu babeslerik aurkitu. Horrenbestez, azken aldiz parte hartuko du Euskaltelek Vueltan.
Igor Anton, Mikel Nieve, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Jorge Azanza, Juanjo Oroz, Pablo Urtasun, Mikel Landa eta Gorka Gerrikagoitia zuzendaria, Loiutik abiatu dira. Samuel Sanchez izango da taldeburua, baina Oviedok joango da Galiziara.
Taldea denboraldi amaneran desagertu egingo da, eta "albiste tristea" dela adierazi dute txirrindulariek. "Tristea da, erabakia jakin nuenean hutsik geratu nintzen. Badakizu hau bukatu egiten dela, eta zerbait faltako zaizula", esan du Igor Antonek. "Egun arraroa izan zen. Albiste txarra eman ziguten, eta, tristura izan zen nagusi gure artean", adierazi du Egoi Martinezek. Egoera horren inguruan Mikel Nievek honakoa gaineratu du: "Ez da egoera atsegina, baina aurrera jarraitu behar da".
"Onestasunez eta profesionaltasunez ekingo diogu Vueltari. Zintzotasunez jokatu behar dugu azken egunera arte. Vueltan parte hartzen dudan zortzigarren aldia da, eta gehien gustatzen zaidan lasterketa ere bada", esan du Antonek.
Vicenzo Nibali (Astana), con Alejandro Valverde (Movistar), Joaquim Rodriguez "Purito" (Katusha), Daniel Martin (Garmin) eta Sergio Henao (Sky Team) dira faboritoak Igor Antonentzat.
Bere etorkizunari buruz, hau esan du Igor Antonek: "Oraindik ez dut ezer erabaki. Taldekide batzuk zail edukiko dute maila profesionalean jarraitzea, eta hori oso tristea da. Enpresa bat ixten dutenean gertatzen den legez, batzuei ondo etorriko zaie, eta beste batzuei ez".