Zigorra
Sunweb taldeak Barguil Vueltatik bota du emandako aginduak ez betetzeagatik
Agentziak | Erredakzioa
Frantziako Tourreko mendiko sariaren irabazleak ez zion Wilco Kelderman taldeburuari lagundu nahi izan holandarrak gurpila zulatu zuenean.
Warren Barguil txirrindulari frantziarra Espainiako Itzulitik bota du Sunweb bere taldeak, talde alemaniarrak berak aditzera emandakoaren arabera. Komunikatu ofizial baten bidez esan dutenez, Barguilek "ez ditu taldearen helburuak bete nahi".
"Sunwebek Barguil Espainiako Itzulitik ateratzea erabaki du. 25 urteko txirrindulariak argi adierazi du ez dituela taldearen helburuak bete nahi, eta, ondorioz, bera Vueltatik botatzea baino ez zaigu geratzen", esan dute Sunwebeko arduradunek.
Barguilek mendiko saria irabazi berri du Frantziako Tourrean, eta Vueltan 13. postuan zen, zazpi etapa jokatu eta gero. Frantziarrak ez zion Kelderman bere liderrari lagundu nahi izan holandarrak gurpila zulatu zuenean.
Barguilek bere taldearen erabakiaren berri izan duenean, harrituta geratu dela esan du, eta, bere ustez, "ezer larririk" ez duela egin gaineratu du.
"Ez dut ezer ulertzen, ni Vueltan sartuta nengoen. Hankak ondo dauzkat eta joko handia emateko moduan nago. Ez dut uste ezer larririk egin dudanik eta ezin dut kaleratzea ulertu. Orain ez dakit nire egutegia zein izango den", azaldu du.
Gertatutakoak bidea garbiago uzten dio Barguili Fortineo-Oscaro taldera joateko, taldeburu moduan.