2013ko programa
Nestor Basterretxea, Durrio eta Regoyos, Bilboko Arte Ederren Museoan
Erredakzioa
2012an 290.000 bisitari izan dituztela azaldu dute museoaren arduradunek. Erakusketarik arrakastatsuena Fernando Botero margolariarena izan da.
Bilboko Arte Ederren Museoak Nestor Basterretxearen atzera begirako erakusketa bat eta Francisco Durrio eta Dario de Regoyos artisten erakusketa bana eskainiko ditu 2013an.
Javier Viar museoaren zuzendariak 2013ko programazioa aurkeztu du. Lehen erakusketa otsailaren 25ean zabalduko dute. Nestor Basterretxea eskultorearen lanari buruzko atzera begirakoa izango da, eta artistaren ibilbidea errepasatuko du.
Proposamena 200 piezak osatuko dute, eta Basterretxearen lehen lanen kutsu esperimentalari eta artistaren 60 urteko ibilbideari begiratuko die.
Uztailaren 3an, Francisco Durrio artistaren erakusketa inauguratuko dute. Eskultore, zeramikari eta urregilearen ia lan guztiak jasoko dituen lehen ekimena izango da. Guztira, 150 obra izango dira ikusgai.
Gainera, artistaren lagunen obrak ere bilduko ditu erakusketak. Horri esker, Paul Gauguin, Pablo Picasso, Adolfo Guiard, Ignazio Zuloaga eta Francisco Iturrino artisten lanak ere izango dira Arte Ederren Museoan.
"Dario de Regoyos (1857-1913)" erakusketa urriaren 7an hasiko da. Margolari asturiarraren heriotzaren mendeurrena izango da 2013an, eta erakusketak 150 obra bilduko ditu. Artista Espainian, Belgikan, Herbehereetan, Frantzian eta Italian izan zen garaietako artelanak izango dira ikusgai. Bilboko Arte Ederren Museoan izan ostean, erakusketa Madrileko Thyssen Museoan eta, ondoren, Malagako Carmen Thyssen-Bornemisza Museoan egongo da.
2013ko programazioa beste bi erakusketak osatuko dute: Ramon Zuriarrain margolari donostiarrarena eta Mikel Diez Alba bilbotarrarena. Gainera, "Artelan Gonbidatua" programak Aurelio Arteta, Paul Delvaux, Francisco de Zurbaran eta Ramon de Zubiaurre artisten lanak hartuko ditu.
Bisitariak
2012an, 290.000 bisitari izan dira, Arte Ederren Museoan, iaz baino 30.000 gehiago, Fernando Boteroren erakusketari esker. Guztira, 113.000 pertsona baino gehiago izan dira margolariaren lanak ikusten, eta museoak erakusketa beste 20 egun luzatzea erabaki du; otsailaren 10era arte egongo da, hortaz.