Erakusketa
Dock of the Bay: zuzenekoaren magia, erakusgai
Egiako kultur etxean, Juan G. Andres kazetari eta argazkilariak kontzertuetan egindako argazkiak daude ikusgai: Leonard Cohen, Kiss, Bob Dylan...
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Gonzalez Andres argazkilari donostiarrak Bob Dylanen, Leonard Cohenen, Kissen, Cyndi Lauperren eta The Culten kontzertuetako argazkiak bildu ditu, besteak beste, "Zuzenean" erakusketan. Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiaren egitarauaren baitan, astelehenean irekiko dute.
Artistengandik oso hurbil ateratako 40 argazki inguru batzen ditu, azken sei urteetan kontzertuetan ateratakoak. "Zuzeneko zirrara biltzea dut gustuko, eta irudien bitartez indarra helaraztea, ikusleen memorian gelditu dadin", adierazi du argazkilariak. Leonard Cohen da bere musikari gogokoenetariko bat, eta musikari horren argazki bat ikusgai dago, baita Bob Dylan erdi barreka erakusten duen bat ere. Gainera, "sekulako jauziak egiten eta taula gainean oihuka" dauden beste artista batzuk ere badaude.
Juan Gonzalez Andres kazetaria da, eta Noticias de Gipuzkoa egunkarian aritzen da, Kultura saileko erredaktore lanetan. Hala ere, argazkilari lanak egiten ditu batzuetan, sarkin arituta, 'El Humilde fotero del Pánico' izenpean. Michael Powellen pelikulari keinu egin nahi izan dio izen horren bidez.
Erakusketa Donostian, Egiako kultur etxean, dago ikusgai, urtarrilaren 31ra arte.