Contemporáneo
Kultura arloko BEZaren igoerak arrastoa utziko du Arco 2013n
27 herrialdetako 201 galeria izango dira, baina 32 edizioetako urterik zailena izango da aurtengoa.
Arco arte azokak 32. edizioa egingo du Madrilgo Ifeman, 27 herrialdetako 201 galeriarekin. 32 edizioetako urterik zailena izango da aurtengoa, krisialdi ekonomikoari zailtasun bat gehiago gehituz: BEZa %20ra igo dute eta Espainiako galeriek konpetentzia arazo bat izango dute nazioarteko merkatuan.
2.000 artista, 150 nazioarteko profesional, erosketa patronatuetako kideak, museoetako zuzendariak eta komisarioak izango dira, mundu osoko 250 bildumagile gonbidatuekin batera. Carlos Urroz azokako zuzendariak esan duenez, aurrekontu "estuagoa" du aurten.
Madrilgo feriako 8 eta 10 pabilioiek kontinente guztietako galeriak bilduko dituzte, baina aurtengo gonbidatua Turkia izango da: bertako 10 galeria izango dira. Iazko izarra Francoren eskultura bat izan zen, freskagarrien makina baten barruan. Turkiako artea "feriako ezustekoetako bat izango da, lengoaiagatik zein formatuagatik", azaldu du Urrozek.
Gero eta atzerriko partehartzaile gehiago dago, iaz baino %3 gehiago, guztien %66an kokatuz. Halere, negozioaren eredua "nazioarteko" ikuspuntu batera zuzentzen ari diren arren, bildumagile handiek erosten jarraitzen dute (Reina Sofia museoa, Madrilgo Erkidegoa edo Mapfre Fundazioa, besteak beste).
Euskal galeriak
Aurten Altxerri galeria donostiarra eta Carreras Múgica bilbotarra izango dira Madrilgo Arco azokan izango diren euskal galeria bakarrak.