Saria
Gazako bi umeren gorpuen argazkia, World Press Photoren irabazlea
Paul Hansen argazkilari suediarraren argazkiak zera erakusten du: eraildako bi umeak senide askorekin batera, meskitara bidean.
Gazan, Israelgo armadaren bonbardaketa batean hildako bi umeren argazki batek eskuratu du World Press Photo sariaren 56. edizioko sari nagusia, urteko argazki onenari saria, hain zuzen ere. Paul Hansen suediarrak eskuratu du eta argazkian bi gorpuak erakusten dira hainbat seniderekin eta meskitara bidean.
2012ko azaroaren 20an atera zuen argazkia Gazan. Lehen planoan bi gizonezko ageri dira, umeen osabak, eta meskitara eramaten dituzte hiriko kale estu batetik zehar. Hansenek irudia hartu aurretik, Israelgo misil batek adingabekoak bizi ziren etxea jo zuen eta Suhaib Hijazi, bi urtekoa, eta Muhammad bere anai nagusia hil zituen.
"Umeen inozentziaren eta nagusien amorrua eta nahigabea ageri dira eta horrek ematen dio indarra argazkiari", adierazi du Mayu Mohanna epaimahaikideak. 'Dagens Nyheter' egunkarirako lan egiten du Hansenek, 2000 urtetik. Hainbat sari jaso ditu bere ibilbidean, tartean POYiren 'Urteko Argazkilaria' 2010 eta 2013 urteetan. Suediako argazkilaririk onena izendatu dute zazpi urtetan eta NPPAko lehen saria bi aldiz.
19 adituk osatzen dute epaimahai eta 32 herrialdetako 54 argazkilari saritu dituzte, bederatzi sailetan. Espainiako bi argazkilarik jaso dute saria: Bernat Armanguek eta Emilio Morenattik, 'The Associated Press'erako egindako lanengatik. Iaz Samuel Aranda argazkilari espainiarrak eskuratu zuen World Press Photo urteko argazkiaren saria.