Itxi

Erakusketa

Gerran utzitakoak, erakusketa batean

Jose Maria Martinez 'Koke' erbestera abiatu ziren hainbat umetako bat izan zen eta bere margolanak EHUren Bizkaia aretoan dira ikusgai martxoaren 28ra arte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Koke Martinez gerra denboran "La Habana" ontzian erbestera joan behar izan zuten umeetariko bat izan zen. Britainia Handian egin zuen bizimodua eta margolaritzan maisu egin zen. Bere artelanak Euskal Herriko Unibertsitateko ondare dira.

Koloretsua, misteriotsua eta aldi berean onirikoa, paradisu galdua margotzen du egileak, umetan berak galdu zuen paradisua. "La Habana" ontzian erbestera abiatu ziren 400 umeetako bat zen Jose Maria Martinez "Koke".

Bizkaitik kanpo 76 urte daramatza Herminio Martinezek. Koke eta bera kanpamentu berean egon ziren Britainia Handian.

27ko Belaunaldiko pentsalari eta artisten iturrietatik edan zuten erbesteratutako hainbatek. Kokek, esaterako, Jose Estruch izan zuen maisu eta Federico Garcia Lorca lagun. Elkartearekin batera, ume erbesteratuen ondarea zaintzeko ahalegina egin zuen margolariak. Orain ondare oso euskal gizartearen eskura dago.

Bilbo lehenik, Donostian eta Gasteizen gero, ahaztu behar ez den gure gertuko historiaren erakustoki bihurtu da Euskal Herriko Unibertsitatea.

Bi aretotan banatuta dago erakusketa. Lehenbizikoan, 16 posterren bitartez historiaren errepasoa egiten da, Kokeren bizitzaren testuingurua azaltzen da. Koke eta beste hainbat gerrako ume Euskal Herritik Britania Handira nola eraman zituzten adierazten da. Bigarren aretoan aldiz, Kokeren lanak daude ikusgai. Bere ibilbide osoan margotutako 200 kuadroen artean egindako aukeraketa da. Gaiaren arabera banatu daude artelanak. Obra misteriotsua, surrealista eta onirikoa dela esan daiteke. José Estruch maisuaren eragina nabaria da bere lanean, Josu Rekalde erakusketako komisarioak nabarmendu duenez.

Margolanetan aurpegi ugaridun buruak, animaliak edo ta erretratuak ageri dira. Era askotariko gai horien artean ez dira falta Darwin, Churchil, edo On Kixote bezalako pertsonaien erreferentziak eta kultura hispanikoari buruzko aipamenak. Gerrako umea izateak ere, izan zuen eragina bere pinturan.

Bideoak (1)