Sariak
Pulitzerrak 'ustekabean' harrapatu du Manu Brabo argazkilaria
Siriako gerra lehen pertsonan bizi izan du eta gerra "bortitz" horren argazkiak atera ditu. Biztanleriaren aurkako "zigorra" dela azaldu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Manu Brabo argazkilari asturiarra "ustekabean" harrapatu du "informazio grafiko onenaren" Pulitzer sariak. Siriako gerraren dokumentazio lanagatik saritu dute. "Ezuste handia izan da", adierazi du Brabok, kazetaritza sari garrantzitsuena jaso duela jakin ostean. Columbiako unibertsitateak ematen du Pulitzer saria, eta, Braboz gain, Narciso Contreras, Rodrigo Abd, Khalil Hamra eta Mohamed Muheisen goraipatu ditu, guztiak Associated Press agentziakoak.
Pulitzer saria jaso izana "asimilatzen" ari omen da Brabo, eta senideei eta James Foley erreportari estatubatuarrari (Sirian bahituta dago) eskaini die, baita "nire erruz sustoak hartu dituztenei" ere. Gerra "bortitza" omen da Siriakoa, eta berak bertatik bertara bizi du biztanleriaren aurkako "zigorra". "Biolentzia zentzugabea da", adierazi du Xixongo argazkilariak.
Duela bi urte Muamar Gadafiren militarrek bahitu zuten, Libian, eta, opor batzuen ostean, Ekialde Erdikora joango da.
1981an jaio zen Brabo, Xixonen, eta Argazkilaritza ikasi zuen Oviedon, Arteen Eskolan. Madrilgo Carlos III unibertsitatean Komunikazio ikasketak egin zituen, eta Gasteizko Periscopio jaialdian "Nómadas" saria jaso zuen, 2009an. Hainbat komunikabiderekin lanean aritu da, eta palestinarren eta israeldarren arteko gatazkako zein Haitiko lurrikarako argazkiak egin ditu.