Erakusketak
Egileen "arte ardura" bultzatuko du Guggenheimek
Iskandar Rementeriaren, Alexandra Baurèsen eta Inés Bermejoren proposamen artistikoak Guggenheim museoan izango dira ikusgai, hilabetez: maiatzean, irailean eta azaroan.
Hiru komisario gazte aukeratu dituzte arte ardura arloko proiektuak erakuts ditzaten Guggenheim Bilbao Museoko 103B aretoan 2013an. Ekimen horren bidez, Euskal Herriko egile gazteen alde egingo du museoak.
Bederatzi komisario independente gonbidatu zituzten Josu Rekaldek (UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoak), Alicia Fernándezek (Rekalde Aretoko zuzendariak), Juan Zapater-ek (BilbaoArteko Zuzendariak) eta Petra Joosek (Guggenheim Bilbao Museoko Museo Jardueren Zuzendariak), arte ardura arloko proposamen bat egin zezaten, Euskal Herriko artista gazte baten zein gehiagoren artelan bat edo gehiago aurkezteko. Lau erakunde horietako kideek aho batez aukeratu zituzten hiru egile; komisario horiek 103B aretoan erakutsiko dituzte euren arte-proposamenak, hil batez, 2013ko maiatzean, irailean eta azaroan.
Iskandar Rementeria, Alexandra Baurès eta Inés Bermejo dira aukeratutako hiru komisario horiek.
Iskandar Rementeriak aurkeztuko du maiatzaren 1etik 26ra "Izena gero" proposamena. Horren muinean lau artista daude: Lorea Alfaro, David Martínez Suárez, Jon Otamendi eta Manu Uranga. Laurok onartu egin dute Euskal Herriko arte-testuinguruko genealogia bati lotutako arte-jakintza baten oinordeko direla.
Alexandra Baurèsen "Zerumuga" proposamenean, zeruertza ikusizko marra da, eta, halaber, gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren ardatz, ekologia gaien inguruko asaldatze-garaian. Itsasoz eta mendiz inguratutako zazpi artisten lana aurkeztuko du irailaren 10etik urriaren 6ra arte. Haren proposamena Gerhard Richter-en Itsas paisaia (Seestück, 1998) lanetik abiatu da, eta zazpi artista horiek honakoak dira: Eriz Moreno, Carla Andrade, Mikel Uribetxeberria, Bego Antón, Amaia Gracia Azqueta, Antonio Barea eta Sandra Montero.
"Geratu dadila mundua, ni jaitsi egingo naiz-eta: ezeztatu garai bat, hasi beste bat" Inés Bermejo getxotarraren proposamena da, azaroaren 5etik abenduaren 2ra ikusgai egongo dena. Horren tesia da krisi-garaian murgildutako munduan energia negatiboa sorkuntza bilakatu behar dela. Hura azaltzeko, zazpi euskal artistaren lanak aurkeztuko ditu: Miriam Isasi-renak, Juan Pablo Orduñez/Mawatres-enak, Diego Vivanco-renak, Pau Figueres-enak, Ainhoa Ortells-enak, Elisa Arteta-renak eta Ibai León-enak. Artistok bideoa, instalazioa, pintura, ilustrazioa edota eskultura dute adierazpide.