Itxi

'Kooza'ren estreinaldia

‘Kooza’, sorpresaz beteriko kutxa

I. Rincon

Cirque du Soleilek ikuslea aho zabalik uzten duten akrobaziaz beteriko ikuskizuna estreinatu zuen atzo Bilbon.

Cirque du Soleilen 'Kooza' emanaldiaren hasierako irudia. Argazkia. EITBCOM.

'Kooza' sanskritozko koza hitzetik dator, eta kutxa esan nahi du. Ikuskizunaren sortzaileek kutxa batetik ateratako zirku bat irudikatu nahi zutelako aukeratu zuten izen hori. Sorpresaz beteriko kutxa bat da 'Kooza'.

Cirque du Soleilek 2007an estreinatu zuen ikuskizun hau. Ordutik, hiru herrialdetako 31 hiritan antzeztu dute, eta atzo Bilbori egokitu zitzaion emanaldia lehenengoz hartzea, Zorrotzaurren jarritako karpa erraldoian.

"Kooza"k Inuzente deitutako pertsonaia bakarti eta melankoliatsu baten istorioa kontatzen du. Ikuskizuna hasi eta berehala, honek sorpresa kutxa bat zabalduko du, eta Trickster izeneko iratxo batek bertatik eszenatokira salto egingo du. Hala, horrek Inuzente hartu eta beste mundu batera bidaliko du, "Kooza"ren mundura.

Unibertso berri horretan, Inuzentek bidaia bati ekingo dio, eta, horretan, hainbat pertsonaia barregarrirekin egingo du topo: Erregearekin, Pailazoekin, eta Txakur Gaiztoarekin, besteak beste. Indarraren eta hauskortasunaren, algararen eta irribarrearen, nahasketaren eta harmoniaren artean, "Kooza"k identitatearen, boterearen eta errekonozimendu sozialaren gaiak jorratzen ditu, eta, horretarako, sorpresaz, emozioz eta ausardiaz beteriko ikuskizunak erabiltzen ditu.

(Heriotzaren gurpilaren emanaldia. Argazkia. EiTB.com)

Istorioak aurrera egin ahala, ikusleak txundituta utziko dituzten hainbat emanaldi tartekatzen dira: armiarma bihurtzen diren bihurrikariak, 8 metroko altueran inolako erreparorik gabe oinez eta bizikletan ibiltzen diren funanbuluak eta karpa zurian inoiz antzeztu ez den heriotzaren gurpil ikaragarria, besteak beste.

Jantziak eta zuzeneko musika ere oso atal garrantzitsua dira ikuskizunaren espiritua ahalik eta ondoen irudikatzeko, eta publikoarengan hainbat sentimendu pizteko ahalmena dute.

Ikuskizunak gizakiaren esfortzu fisikoa erakusten du taula gainean, bi ordu eta erdiko emanaldi koloretsu bezain arriskutsuan.

Albisteak (2)

Galeriak (1)