Itxi

Antzerkia

Komedia beltzak nagusi, Donostia Kulturaren udako egitarauan

Erredakzioa

Gipuzkoako hiriburuan izango diren ikuskizun gehienak (% 45) euskal enpresek eskainiko dituzte, eta gainerakoak, Madrilekoek, gehienbat.

'La Bella y la Bestia' musikala Donostiako Kursaalen izango da. Argazkia: Donostia Kultura

Donostia Kulturak uda honetan Gipuzkoako hiriburuan eskainiko dituzten 22 ikuskizunen egitaraua aurkeztu du. Aurten, komedia "beltzak eta azidoak" izango dira nagusi. BEZaren igoera dela-eta egitaraua osatzeko zailtasunak izan dituztela esan dute antolatzaileek.

Donostiako agertokietan (Kursaal, Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia) izango diren ikuskizun gehienak (% 45) euskal enpresek eskainiko dituzte, eta gainerakoak, Madrilekoek, gehienbat. % 10 Kataluniatik eta Valentziatik iritsiko dira.

Uda honetan Donostian izango diren lanen artean Humberto Ecoren lanean oinarritutako El nombre de la rosa antzezlana dago. Karra Elejalde eta Juan Jose Ballesta protagonista dituen proposamenak oso kritika onak izan ditu Extremaduran estreinatu ondoren. Horrez gain, Mitad y Mitad obra ere izango da ikusgai, Fernando Tejero eta Pepo Nieto aktoreen lana. Antzezlan horrek ere arrakasta handia izan du, Madrilen.

Amparo Larrañaga, Maria Pujalte eta Marina San Jose Hermanas lanarekin izango dira, Donostian.

Ni para ti, ni para mi lanak ere kutsu beltza du. Miriam Diaz Aroca eta Belinda Washington dira lan horretako protagonistak.

Sé infiel y no mires con quién klasikoa ere Gipuzkoako hiriburura itzuliko da. Oraingo honetan, Fernando Albizu, Isabel Gaudi, Jesus Cisneros, Antonio Vico eta Cristina Peña izango ditu protagonista.

Gorka Otxoa aktore donostiarrak Los miercoles no existen komedia eskainiko du.

Lengua madre (Juan Diego), Conversaciones con mama (Maria Galiana eta Juan Echanove), Fisterra (Eva Hache eta Angeles Martin), Campanadas de boda (La Cubana) eta El castellano es un idioma loable, lo hable quien lo hable (Luis Piedrahita) egitarauan jaso dituzten beste proposamenetako batzuk dira.

La verbena de la Paloma eta La del Soto del Parral zarzuelek, La Bella y La Bestia musikalak eta Biarritzeko Malandain Balleten Romeo y Julieta ikuskizunak osatuko dute egitaraua.

Futbolisto baten konfidentziak, Goenkale, Lingua nabajorum, Hiru eta Terapiak izango dira euskarazko proposamenak.