Kale Antzerkia
Hortzmuga, Ertza eta Cielo Raso, Tarregako Azokan
Aurten, 18. urtea du jarraian Euskal Teatroak FiraTarrega azokan, eta hiru euskal talderen presentzia ziurtatuko du.
Euskal antzerki taldeak Tarregako (Lleida, Katalunia) Kaleko Antzerki Azokan izango dira aurten ere, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskal Teatroa ekimenaren bitartez. Hortzmuga Teatro, Ertza eta Cielo Raso konpainiek beren ekoizpenak aurkeztuko dituzte ostegunetik igandera bitartean Tarregako kaleetan egingo den FiraTarregan.
Hala azaldu du Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak Bilbon egin den aurkezpenean, Pau Llacuna FiraTArregako zuzendaria eta aipaturiko hiru antzerki taldeetako ordezkariak ondoan zituela. Monterok azpimarratu duenez, euskal antzerki taldeen ibilbide profesionalari bultzada ematea du helburu Euskal Teatroa ekimenak, bai Tarregan bai eta bisitatu ohi dituen gainerako jaialdietan ere.
Nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetan euskal taldeen presentzia bermatzen du ekimenak, eta ondorioz, kontratu berriak lortzeko aukerak ugaritu egiten zaizkie euskal konpainiei. Gainera, mundu guztiko programatzaileen topaleku den azokan kataluniarrean standa izango du Euskal Teatroak, eta aurkezten diren ekoizpenen inguruko informazioa emango du. Aurten, 18. urtea du jarraian Euskal Teatroak FiraTarrega azokan, eta hiru euskal talderen presentzia ziurtatuko du.
Hortzmuga Teatro taldeak "Yo estuve allí y... no lo contaron como yo lo vi" lana eramango du Lleidako hirira. Boterearen, politikaren eta komunikabideen arteko harremanei buruzko hausnarketa da. Ertza konpainiak, berriz, hiri dantzako ikuskizun bat eskainiko du Tarregako kaleetan: "4x4". Aktore-dantzarien iaiotasun aparta umorearekin uztartzen da, aldarrikapen txiki handi bat askatzeko: desberdin izateko eskubidea. Azkenik, Cielo Raso konpainiak "Carnaval" ikuskizuna aurkeztuko du Tarregan, Igor Calonge, Daniel Abreu eta Dácil González dantzariak elkarrekin dantzan ikusteko aukera paregabea eskaintzen duena.