Antzerkia
'Hamlet', XXI. mendean eta euskaraz
Ander Lipus du protagonista antzezlanak, eta Shakespeareren klasikoa Euskal Herriko 30 bat udalerritan izango da ikusgai.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hamlet, XXI. mendean eta Euskal Herrian. Ekoizpen batek euskaraz heldu dio lehen aldiz Danimarkako erregearen drama famatuari, eta gurera ekarri du. Hamlet, hemen eta orain.
Hamlet ez da klasikoa zaharra delako, urteak igaro arren irakurketa berriak ahalbidetzen dituelako baizik. Xabier Mendigurenen bertsioa da euskarazkoa, eta Straford Upon Avoneko maisuaren itzalak gaurko gizarte arazoak harrapatu ditu, langabezia ardatz.
Errautsak ikuskizuna eskaini ondoren, Artedrama, Dejabu eta Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiek bat egin dute Shakespeare handiak sorturiko mitoa berriro taularatzeko.
Hamleten bira azaroaren batean hasiko da Lapurdin, bian Azpeitian izango da, eta hiruan, Bilbon, eta batetik bestera eramango dute apirilaren amaierara arte behintzat.
Mendigurenek Bilboko Arriaga antzokian (igandean egingo dute bertan) aurkeztu du antzezlana, Ximun Fuchs lanaren zuzendariarekin batera. Shakespeareren klasikoa bi aldiz itzuli dute euskarara (lehena Argentinan bizi zen apaiz euskaldun batek itzuli zuen, eta bigarrena Juan Gartziak egin zuen, euskara batura itzulita), baina ez dute inoiz euskaraz taularatu.
Aktore-zerrendari dagokionez, Ander Lipusek hartu du Hamlet printzearen papera. Gainera, Ainara Gorrutxagi, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo aktoreak ikus daitezke bertan. Igandean izango da ikusgai Arriaga antzokian, eta sarrerak 7 eta 16 euro arteko salneurrian eskuratu daitezke. BAD 2013 jaialdiaren programazioan sartu dute estreinaldi hau.