Itxi

Errekorra

Francis Baconen triptikoa, inoiz enkantean saldu den lanik garestiena

'Skrik' edo 'El Grito' margolanaren balioa gainditu du, Christie's etxean egindako enkante batean 106 milioi euro inguruko salneurria eskuratuta.

Francis Baconen triptikoa. Argazkia: EFE

Francis Baconen 'Three Studies of Lucian Freud' margolan seriea enkantean inoiz saldu den margolanik garestiena da, 142,4 milioi dolarreko (106 milioi euro) salneurria eskuratu baitu, New Yorkeko Christie's etxean egindako enkantean. Munchen 'Skrik' edo 'Garrasia' margolana 119,9 milioi dolarren truke saldu zuten 2012an (89 milioi euro inguru) Sotheby's etxean.

Lanean Lucian Freud ageri da, Baconen lagun eta lehiakidea, egurrezko aulki batean, eta 86 milioi dolarreko balioa eman zioten (64 milioi euro) enkantea hasi aurretik, baina hainbat eskaintza izan ostean, hamar minutuan errekorra lortu du, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez. 1992an hil zen egilea, eta 1969an egin duen margolan hori. Egunkariaren arabera, William Acquavella galeriak egin du enkantea, "identifikatu gabeko bezero baten izenean".

Bestalde, beste salmenta garrantzitsu batzuk ere egin dituzte. Jeff Koons artistaren altzairu herdoilgaitzezko eskultura batek 58,4 milioi dolarreko (43,5 milioi euro) salneurria eskuratu du, eta bizirik dagoen artista baten lanik garestiena dela azaldu dute.