Zaharberritze lanak
Arteta eta Balerdiren bi lan margoberritu ditu Arte Ederren museoak
Bilboko Arte Ederren Museoak zaharberritu dituen azken lanak aurkeztu ditu; tartean, XV. mendeko bi taula gotiko daude.
Bilboko Arte Ederren Museoak zaharberritu dituen azken lanak aurkeztu ditu. Besteak beste, Artetaren eta Balerdiren bi margolani eta XV. mendeko taula gotiko bati kolorea itzuli diete. Gainera, Joan Gonzalezen sei marrazki ere zaharberritu dituzte, Iberdrolaren eta museoaren arteko lankidetza hitzarmenari esker, lehenak ordaintzen baitu lan hori.
Zaharberritu duten lan handiena Aurelio Arteta bilbotarrak egin zuen Pórtico mihisea da, 200x276 zentimetrokoa. Lan konplexua izan da, museoko arduradunek esan dutenez. Zikinkeria eta berniza kendu behar izan dizkiote, eta mahoizko arropen kolore urdina agertu da, Artetaren margolanetan askotan azaldu dena.
Cardenal margolan abstraktuak ere kolore ugari ditu, baina gorrixkak. Rafael Balerdi donostiarrak egin zuen 60ko hamarkadan, eta, purpura kolorea itzultzeaz gain, euskarria desinfektatu dute. Mihisea apurtuta zegoen, eta konpondu ere egin dute.
Zaharberritu dituzten beste bi margolanak XV. mendeko bi taula dira, Nicolas Solanaren Igokundea eta Noli Me Tangere.
Jose Luis Merino museoko zaharberritzeen zuzendariak azaldu duenez, lan zaila izan da, zazpi mende dituztelako eta esku askotatik pasatu direlako.
Azkenik, Joan Gonzalez kataluniarraren sei lan ere berreskuratu dituzte. Julio Gonzalez eskultore ezagunaren anaia da, eta Bilboko Arte Ederren Museoak artistaren 116 marrazki ditu.