Antzezlana
Asier Etxeandia Iruñean ostiral honetan, 'El intérprete'rekin
Antzezlan musikala eramango du Gayarrera, gaur egun guztion memoria kolektiboan dauden abesti eta interpreteak gogoratzen dituena.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gayarre Iruñeko antzokiak "El intérprete" antzezlan musikala erakutsiko du ostiral honetan. Asier Etxeandia aktore bilbotarra du protagonista, eta 21:00etan izango da ikusgai. "El intérprete" ibilbide musikal bat da, gaur egun guztion memoria kolektiboan dauden abesti eta interpreteak gogoratzen dituena.
Asier Etxeandia aktore eta kantariak eta Tao Gutiérrez musika konpositore eta produktoreak sortutako "El Intérprete" bidaia musikal bat da, kantu eta interprete asko gogoratuz egindakoa: Kurt Weill, Héctor Lavoe, Lucho Gatica, Chavela Vargas, La Lupe, Gardel,Talking Heads, David Bowie, Rolling Stones... Lan honetan, Asier Etxeandiaren zuzendaritzapean jotzen duen artista taldea (Gherardo Catanzaro pianoan, Enrico Barbaro kontrabaxuan eta Tao Gutiérrez perkusioan) gaur egungo banda indartsuenetako bat da.
"El Intérprete" kontzertu bat da, gauza arrunt eta zuzenetatik urrunduko gaituena. Bertsio klasikoak eta pieza originalak hartzen ditu oinarritzat, horiekin gidoi bat (bidaia emozional bat) osatzeko, ikuskizun bat sortzeko. Zerbait berria, freskoa eta berritua sortzeko aukera bakana izan nahiko lukeen proposamen eszenikoa. Musika eta antzerki munduan ikerketarako bide berri bat abiatu du erdigune bat bilatuta musikaren eta interpretazioaren artean, kabaretaren eta performancearen artean. Publikoarekin eta publikoarentzat eginiko ikuskizuna, inhibiziorik gabea eta askea da. Gau bat ikuslearen zerbitzura, dena posible izan dadin.
Asierrek kantuen bidez ikasi zuen hitz egiten, bere haurtzaroko irratian entzuten ziren abestiak errepikatuz, eta, horren esanetan, beti izan du kantatzeko premia hori: "Txikia nintzenean, hormari bizkarra emanda jartzen nintzen nire gelako bazter batean. Ez nintzen horrela jartzen zigortuta nengoelako, ezta autista nintzelako ere. Beno, apur bat autista, agian... Nire ahotsa entzuten nuen hormako oihartzunarekin, oihartzun horrekin mikrofonora kantatzen duzula baitirudi, eta benetako abeslari sentitzen nintzen".