Itxi

Bideoinstalazioa

Guggenheimek 'Erlojua' Marclayren bideo hipnotikoa aurkeztu du

Erredakzioa

24 orduko iraupena du Christian Marclayren lanak, eta denbora errealean erakusten da. Museoan bideoartea erakusteko ahalbidetu duten espazio iraunkor berrian erakutsiko den lehen lana izango da.

Christian Marclay egilea, erloju baten aurrean.

Guggenheim Bilbao Museoak "Erlojua" Christian Marclay estatubatuarraren bideoa erakutsiko du gaurtik aurrera. 24 orduko lana pantailan etengabe agertzen diren erlojuen irudiek lotzen dute, eta "hipnosi saioan" murgiltzen dute ikuslea.

"Erlojua" (The Clock, 2010)  nazioarteko kritikak azken urteetan gehien komentatu duen lanetako bat da.

Marclayk Veneziako bienaleko artista onenaren Urrezko Lehoia irabazi zuen 2011n, eta bideoa Londresen, Parisen, New Yorken eta Moskun egon da Bilbon baino lehen.

Bideo honetan, telebistatik eta zinematik hartutako milaka sekuentzia kiribildu dituzte 24 orduko bideoan, denbora errealean erreproduzitzeko. Ez dago narratiba izpirik, ezpada hainbat testuinguru, film genero eta garairi dagozkien irudien "collage"a. Ezaugarri batek biltzen ditu ia irudi guztiak: erlojuak erakusten dituzte.

Proiekzioan, tokian tokiko ordua errespetatzen dute; hots, ikuslea aretora ordu jakin batean sartzen bada (goizeko hamaikak, berbarako), ordu hori adierazten egongo dira pantailan etengabe agertzen diren erlojuak.

Marclayk (1955, San Rafael, Kalifornia) aurkezpenean azaldu duenez, lanak ez du "ez hasierarik ez amaierarik: bisitaria aretoan sartzen denean hasi eta irteten denean bukatzen da, eta 24 orduko ziklo batean etengabe errepikatzen da".

Irudiak hartzeko, zazpi laguneko lantaldea izan zuen alboan egileak, eta hiru urte erabili zituzten.

Espazio berria, museoan

"Film & Video" izeneko espazio honetan, Guggenheimen beraren eta kanpoko bildumetako lanak erakutsiko dituzte, batik bat bideogintza berrienari begiratuta.

"Erlojua" maiatzaren 18ra arte ikusi ahal izango da Bilbon, eta haren ostean Rineke Dijkstra erretratugile herbeheretarraren lan bat erakutsiko dute. Udazkenean, Ragnar Kjartansson sortzaile islandiarra izango da areto horren protagonista.

Marclayren lana osorik ikusi nahi dutenentzat, museoa 24 orduz zabalik izango dute, lau jardunalditan.