Izendapena
Miren Vives Almandoz, Balenciaga Museoaren zuzendari berria
Erredakzioa
Bestalde, Igor Uria Zubizarreta izango da aurrerantzean bildumen zuzendaria.
Miren Vives Almandoz izendatu dute Getariako Balenciaga Museoaren zuzendari berri; Igor Uria Zubizarreta, berriz, bildumen zuzendari izango da.
Cristobal Balenciaga Fundazioaren patronatuak bilera egin du ostegun honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, bi izendapenak onartzeko. Hala, aurrerantzean museoaren kultura-zuzendaritzaz eta kudeaketaz arduratuko da Miren Vives donostiarra.
Balenciaga Museoak ohar batean azaldu duenez, lehiaketa publiko bidez eskuratu du kargua zuzendari berriak. Ohar horretan nabarmendu dutenez, Miren Vivesek (41 urte) "ibilbide profesional luzea" egin du kultura-kudeaketaren arloan, "aholkularitza estrategikoa, kudeaketa-proiektuak, ikerketa eta irakaskuntza uztartuta" Nazioarteko prestakuntza du eta "luze aritu da kultura-proiektuen zuzendari eta koordinatzaile".
Igor Uria, berriz, kontserbazioko arduraduna zen orain arte, eta Balenciaga Museoko bildumen zuzendaria izango da aurrerantzean.
Fundazioaren Patronatuaren bileran honako hauek izan dira: Enrique Varela Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren izenean; Joxean Muñoz eta Imanol Agote, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa; Ikerne Badiola eta Garazi Lopez de Etxezarreta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean; eta Nikanor Lertxundi, Getariako Udalarenean. Horiekin batera, Sonsoles Diez de Rivera, Modesto Lomba, Eloy Martinez de la Pera eta Agustin Medina ere izan dira bertan.