Basque Fest
Basque Fest jaialdiak Aste Santua girotuko du
Erredakzioa
Basque Fest jaialdiaren bigarren edizioa apirilaren 17tik 21era izango da, Bilbon. Ekintza kulturalak eta kirol ekintzak egongo dira.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kulturaren jaialdia izango den Basque Fest jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute. Apirilaren 17tik 21era izango da, eta 43.500 pertsona erakartzea espero dute.
Marta Ajuria Bilboko Udaleko Ekonomia eta Ogasun zinegotzi delegatuak eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura diputatuak aurkeztu dute jaialdia, Bilboko turismo bulego berrian.
Aurten ekimen eta gune berriak izango dira, Bilboko Aste Santuan duen presentzia handitzeko eta "hiriburuan gehiago zabaltzeko"; Zabalguneko eraikinean eta Bilboko Itsasadarrean ere izango da zer ikusi aurten.
Ajuriaren ustez, "beharrezkoa da elkarlana" bi erakundeen artean, honelako proiektuek "balantze positiboa izateko, aurreko urteko edizioan bezala".
"43.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten iaz antolatu ziren ekitaldietan", azaldu du Bilboko Udaleko zinegotziak, eta aurten ere emaitza hori lortzea espero dutela gaineratu du.
"Bere historiarekin eta jatorriekin harro eta mundura irekita dagoen hiri kosmopolita baten erreferente" bihurtu nahi du jaialdiak 5 urteko epean, Ajuriaren esanetan.
Basque Fest jaialdiak "gertuko merkatua, Bilbotik 200 edo 300 kilometrora dagoena", erakarri, Aste Santuan hiria "dinamizatu", "jarduera ekonomikoa sortu" eta "Bizkaia eta Bilbo kultur turismoaren alorrean erreferente bihurtu" nahi dituela azaldu du Bilboko Udaleko ordezkariak.