'Ikonokrazia'
'Fidel eta Che iraultza fotogeniko baten estrategak izan ziren'
Natxo Velez | eitb.eus
Artium museoak “Ikonokrazia. Boterearen irudia eta irudien boterea Kubako argazkigintza garaikidean” erakusketa du ikusgai urriaren 4ra arte. Komisarioak haren zertzelada batzuk eman dizkigu.
Artium, Arte Garaikidearen Gasteizko Euskal Zentro-Museoa, Kubara begira egongo da urriaren 4ra arte. “Ikonokrazia. Boterearen irudia eta irudien boterea Kubako argazkigintza garaikidean” Arabako museoaren Ipar aretoak hartzen duen erakusketan, hainbat belaunalditako kubatar sortzaileek herrialdeko argazkilaritza garaikidea definitzeko eginiko lanaren lagin bat dago ikusgai.
Ivan de la Nuez erakusketaren komisarioaren hitzetan, Karibeko herrialdearen iruditeriaren eraldaketa ikus daiteke Gasteizko museora bisita eginda: “1959ko Iraultzaren protagonistek proposatu zuten eredu estetikotik egungo argazkilariek adierazpide horren aukerak muturrera arte eramanik sortutako irudi multzora arteko bidean ibiliko da ikuslea”.
De la Nuez uharteko argazkilaritzaren iraganaz eta orainaz mintzatu zaigu, honako galde-erantzunetan.
Zein dira Kubako Gobernuak 1959ko Iraultzaren ondoren bultzatu zuen iruditeriaren ezaugarri nagusiak?
Kubatar Iraultzak, besteak beste, ikonokrazia ezarri zuen. Proiektu politikoa argazkilaritzaren bidez zabaldu zuen, eta, hein handi batean, zinemaren, telebistaren eta poparen bidez ere… Ez zuten agintarien estatua erraldoirik eraiki, sobietarrek bezala, ezta liburu fundatzailerik sortu ere.
Nolabait esateko, Fidel eta Che iraultza fotogeniko baten estrategak izan ziren, argazkietarako jarriz eta, are gehiago, argazkiak eurek eginez. Erraz aurki daitezke euren kamerez beren buruari eginiko argazkiak, eta Chek ateratako argazkiak liburu eta erakusketan bildu dituzte gerora.
Horri guztiari gehitu behar dizkiogu balentria jarraitu zuten argazkilari kubatarren (Corrales, Korda, Salas, Noval) maila ona eta nazioarteko beste argazkilari batzuen (Cartier Bresson, Rene Burri, Menese) lilura; ondorioz, iraultza argazkilaritzaren bidez zabaldu zuten hipotesia defenda daitekeela uste dut.
'El Revolucionario' (Arturo Cuenca)
Zelakoa da, labur-labur, gaur egungo kubatar argazkilaritza?
Kubatar argazkilaritza garaikidea lehenago azaldu dizudan tradizio horrekin borrokatu behar da. Eta bai ikono horiek bai argazkilaritzaren mugak berak muturreraino eramatearen tentsioa dakarkio horrek argazkilaritzari. Erakusketak tentsio horretan eta asmo horietan sakontzen du.
'Maravilla' (Carlos Garaicoa)
Zer muga aurkitu dituzte egungo argazkilariek Iraultzak ezarri zuen estandarrean, halakorik ezarri bazuen betiere?
Nire ustez, gaur egun ez dago inolako muga estilistikorik. Gainera, garaiaren edo lekuaren ezaugarriez harago, Kubak ezaugarri propio bat du, sobietar munduan sartutako herrialde karibetarra izan da, eta horrek ukitu interesgarria eman dio bertako argazkilaritzari.
'Progreso de una nación' (Lázaro Saavedra)
Kubatik mundura igarota, ikuspegi globalagotik, zer alde dago boterean ezarritakoek eta boteretik kanpokoek irudiez egiten duten erabileratik? Badago orokortzerik?
Ikonokrazia kontzeptua irudien totalitarismoari erreferentzia egiteko erabili ahal da, baina erakusketan "ekosistema" zentzua eman nahi izan diogu. Boterearen irudiei irudien boterearekin erantzuten diote artistek, askotan horiek kontrabotere, mendeku edo demokratizazio kritiko gisa erabilita.
Irudiek pentsamendua moldatu edo pitz dezakete ala berresteko soilik balio dute?
Kubaren kasuan, irudiak bi norabideetan erabili zituzten: Iraultzaren hasierako boterea berretsi zuten eta haren iruditeria sortu zuten, nolabait. “Ikonokrazia” erakusketan, hori guztia hautemateko edo, bederen, digeritzeko hainbat modu kritikori toki egiten diegu.
It's only water (Rogelio Lopez)
Egungo testuinguru politikoan, zer ondorio izan lezake Kubaren eta AEBren arteko harremanak aldatzeak uharteko arteetan eta iruditerian?
Erakusketako hainbat lanek ironiaz begiratzen diote egoera berri honi, birkolonizaziorako aukerei, behinola sobietarrekin gertatu zena burura dakarren inperioaren itzal horri eta diruaren munduak uharteko kultura bisualean sorrarazi lezakeen iruditeria berriari.
Wrinkle series (Greandy Pavón)