Heriotza
Joxemiel Bidador dantza ikertzailea hil da
Erredakzioa
Ostiralean odol isuria izan zuen buruan eta gaur zendu da, 39 urte zituela. 'Dantzaren erreforma Euskal Herrian' lanarekin Miguel de Unamuno saiakera saria jaso zuen 2005ean.
Joxemiel Bidador dantzari eta dantza ikertzailea buruko odol isuri baten ondorioz hil da, 39 urte zituela. Dantzan.com web guneak jakitera eman duenez, joan den ostiralean izan zuen isuria eta egoera larrian izan da ordutik ospitalean.
Bidador Iruñean jaio zen 1970ean. Bertako Duguna dantza taldeko dantzaria izan zen urte askotan, eta taldeko zuzendari lanetan ere aritu zen. Dantzariaz gain, dantza ikerlari ezaguna ere izan zen Bidador. Dantzaren erreforma Euskal Herrian izan da bere lanik garrantzisuena, eta bertan XVI-XX. mende bitartean Euskal Herrian dantzaren inguruan elizgizonek esandakoak bildu eta aztertu zituen. 2005ean Miguel de Unamuno saiakera saria jaso zuen lan honekin. Horrez hain hainbat artikulu eta lan ere egin ditu, eta, azken aldian, Dantzariak aldizkariaren koordinazio lanetaz arduratzen zen.