Itxi

20 proposamen baino gehiago

Udaberriko denboraldia hastear da Gasteizko Principal Antzokian

Erredakzioa

Besteak beste, Jose Maria Pou, Victor Ullate, Juan Mari Beltran, Ojos de Brujo, Quique Gonzalez, Sergi Lopez, Emilio Gutierrez Caba, Golden Apple Quartet eta Miki Nadal izango dira Arabako hiriburuan.

Txalaparta, balleta, antzerkia, musika eta umorea dira Gasteizko Principal Antzokiak datozen hiru hilabeteetarako antolatu dituen proposamenetako batzuk. Udaberriko denboraldia izen ezagunez beteta dator Arabako hiriburura. Ekaina bitartean, hogei kultur proposamen baino gehiago taularatuko dituzte Principal Antzokiko eszenatokian.

Juan Mari Beltranen txalaparta, eta Ojos de Brujo, Quique Gonzalez edo Golden Apple Quartet taldeen doinuak izango dira entzungai denboraldi berrian. Proposamenen artean aipagarri dira ere Victor Ullateren balleta edo American Ballet Theatre II.

Antzerki esparruan izen ezagun ugari ditugu datozen hilabeteetarako: Gasteizen izango dira Jose Maria Pou eta Su seguro servidor, Orson Welles antzezlana, Sergi Lopez Non Solum lanarekin eta Emilio Gutierrez Caba eta Luisa Martin aktoreek taularatuko duten La Muerte y la doncella.

Umorea gustuko dutenek hainbat hitzordu dituzte, tartean Luis Piedrahitaren bakarrizketak eta Ni tontos, ni tan calvos umore antzezlana, Goyo Jimenez eta Miki Nadal aktoreekin.

Kontzertu Handien 5.zikloarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren emanaldiarekin osatzen da Principal Antzokiko udaberriko programazioa.

Sarrerak salgai dira antzokiko leihatiletan, 945 16 10 45 telefonoan eta vitoria-gasteiz.org/teatros, cajavital.es eta generaltickets.com web guneetan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)