Itxi

Espainian lehen aldiz

Kapoor eskultorearen tamaina handiko lanak, Guggenheim museoan

Erredakzioa

'Tiroak txokoan' izeneko artelanean kanoi batek argizari gorria botatzen du aretoko paretaren kontra. Erakusketa bukatu arte, urriaren 12ra arte, 30 tona argizari bilduko dira bertan.

Martxoaren 16tik aurrera, Anish Kapoor artistaren lanekin osatutako erakusketa hartuko du Guggenheim Bilbao Museoak. Azken hamarkadetako eskultore nagusienetako bat da Kapoor, eta artistaren tamaina handiko lanak bildu dira monografiko berezi batean, Espainian lehen aldiz.

Hogei eskultura daude bertan ikusgai, eta indiar jatorriko eskultorea bera ibili da muntaketa lanetan buru-belarri. Bilboko museoan egin duten prentsaurrekoan jakitera eman duenez, hainbat ardatzen inguruan antolatu dute bilduma: kolorea, espazioa eta hutsunea, ispiluetako islak, eta ''''beren burua sortarazten duten objektuak''''.

1000 izen (1979-80) izenekoa da Bilbon ikusgai diren eskulturetatik gazteena. Lurzorutik edo hormetatik ateratzen diren forma geometrikoek osatzen dute artelana, eta hauts pigmentua daramate atxikita. ''''Objektu horiek bertan sortu direla ematen du'''', esan du egileak. ''''Lurretik sortzen diren izozmendiak dira, objektuaren zatitik handiena ez baitago aretoan''''.

Bihartik aurrera ikusgai izango ditugu ere Adam (1988-89) eta Titulurik gabea (1990) artelanak. Artistak objektuak zulatu eta barnealdea kolore ilunekin margotu du. Hala ere, badirudi eskulturak hustu gabe daudela. ''''Forma hustu arren, espazioa bete egiten dela ematen du'''', esan du Kapoorrek. Artistak gaineratu du berarentzat izugarrizko aurkikuntza izan zela hustu eta betetzearen arteko harreman berezi hau.

Londreseko Royal Academy of Arts erakundearekin batera antolatu dute Guggenheim Museoak zabaldu berri duen erakusketa. Bertan ikusgai ditugu beste bi erakusketa erraldoi ere: Horia (1999), horma hori batean hondoratzen den zulo erraldoia; eta Ene aberri gorria (2003), paisaia gorri batean kokatutako metalezko hegala. 25 tona argizari mugitzen ditu hegal horrek.

Tiroak txokoan (2008-09) izeneko artelanak museoaren areto oso bat betetzen du, eta bertako kanoi batek argizari gorria botatzen du aretoko paretaren kontra. Erakusketa bukatu arte, urriaren 12ra arte, 30 tona argizari bilduko dira bertan.


Bideoak (2)