Itxi

Arriaga Antzokian

Amaia Salamancaren 'La marquesa de O' obra, Bilbon estreinakoz

Erredakzioa

Apirilaren 3ra arte ikusgai izango dugu Bilboko Arriaga Antzokian. XIX. mendeko emakume haurdun bat izango da Salamanca. Sarrerak 5,60 eta 20 euro bitartean jarri dituzte salgai.

Aste Santuko egunetan kultura ere hizpide izateko, hona hemen Bilboko Arriaga Antzokiak egin digun proposamena: La marquesa de la O, Amaia Salamanca aktore ezagunaren antzezlana. Telebistaz eta zinemaz aparte, antzerkia ere uztartu du Salamancak. Ederra baino askoz ere gehiago dela erakustera dator obra honekin Sin tetas no hay paraíso telebistako saio arrakastatsuaren protagonista.

Ikuskizun honetan Amaia Salamancak XIX. mendeko Italia iparraldeko hiri garrantzitsu batean bizi den Julieta izeneko markesa alargunaren papera interpretatuko du. Neska ez da inoiz gizon batekin oheratu eta ez daki nola geratu den haurdun. Hori dela eta, garaiko egunkariez baliatuta, jaiotzera datorren semearen aita aurkitzera prest dago, berarekin ezkonduko dela hitza emanda.

''Eskandaluzko istorioa da obra'', azaldu du Magüi Mira antzezlanaren zuzendariak, ''malkotan urtu eta barrez ere itoko dira ikusleak''. Horretarako, luxuzko aktoreak ikusiko ditugu eszenatoki gainean, hala nola, Salamancarekin batera, Joseph Linuesa (Sin tetas no hay paraíso telesaioaren beste pertsonaia), Juan Jose Otegui eta Tina Sainz.

Ordu eta erdiko iraupena izango du emanaldiak eta sarrerak salgai jarri dituzte Antzokiaren txarteldegietan 5,60 eta 20 euroren artean. Apirilaren 3ra arte izango dugu ikusgai obra hau.