Maiatzaren 4tik 29ra
Javier Lasa akuarelagilearen erakusketa antologikoa, Algortan
L.Z. | EITB.EUS
Maiatzaren 4tik 29ra arte, Torrene aretoko erakusketen gelan aipatu artista getxoztarraren ibilbide artistikoaren lagin zabala egongo da ikusgai.
Javier Lasa margolariaren erakusketa antologikoa hartuko du Algortako (Getxo) Torrene aretoko erakusketen gelak, gaur 19:00etan hasi eta maiatzaren 29ra arte.
Han, akuarelagile getxoztarraren lan esanguratsuenak bildu dituzte. Hala, 60 urteko ibilbide luzean egindako lan emankorraren erakustoki bihurtuko da aipatu aretoa. Besteak beste, Lasaren margolanek izandako bilakaeraz jabetuko da publikoa, arte figuratibotik abstraktura egindako jauziaren lekuko.
1937an Areetan jaioa, Euskal Akuarelarien Elkarteko kide da Lasa. Bartzelonan egin zituen aparejadore ikasketak, eta, gerora, interiorista titulua eskuratu zuen, Zaragozan. Hain zuzen ere, horretan jardun du lanean, erretiroa hartu arte. Nolanahi ere, txikitatik datorkio artista getxoztarrari margotzeko zaletasuna, eta gaztetatik erakutsi du pintatzeko duen dohaina, bai akuarelista gisa, baita, tarteka, olio-pinturarekin ere.