Munduko marka
Ia 82 milioi euro ordaindu dituzte Picassoren margolan baten truke
Erredakzioa
Enkantean inoiz erosi izan den artelanik garestiena da 'Desnudo, hojas verdes y busto'. Orain arte 'L'Homme qui marche I' eskulturak zeukan marka.
Christie''s etxeak Picassoren Desnudo, hojas verdes y busto izeneko margolana enkantean atera zuen asteartean. Erosle ezezagun batek, telefonoz bidez, 81,9 milioi euro eskaini zituen berau erosteko, eta, horrela, inoiz enkantean erosi izan den piezarik garestiena bihurtu da Malagako artistaren margolana.
Picassok 1932an egin zuen Desnudo, hojas verdes y busto, eta Mrs. Sidney F. Brodyren Ameriketako bilduman egon izan da orain arte. Arte modernoan izen handieneko bildumetako bat da Sidney F. Brodyrena.
Astearteko salmenta arte, Alberto Giancomettiren L''Homme qui marche l eskultura zen enkantean erositako artelanik garestiena, joan den urtean 104,3 milioi dolar ordaindu baitzituzte berau eskuratzeko.
Tamaina handiko margolana da Desnudo, hojas verdes y busto (160 x 130 zentimetro), eta Marie-Thérese Walter pintorearen erretratua ageri da bertan. Margolariaren beraren irudia ere ikus daiteke, oinarri baten gainean. Eroslea telefono bidez sartu zen enkantean, eta hamar minutu eskasean egin zuen erosketa. Salmenta 95 eurokoa izan zen, baina etxearen komisioa eta zerga gehituta guztira 106,5 milioi dolar ordaindu beharko ditu.
Picassorik garestiena bihurtu den margolana astearteko enkanteko altxorretako bat zen, baina Christie''s etxean ere ez zuten horrelako kopururik espero.