Ekitaldia
Sistiagak, Revueltak eta La Tallerrek Gure Artea sariak jaso dituzte
eitb.eus
18.000 euro jasoko ditu arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpenagatik saria jasoko duenetako bakoitzak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jose Antonio Sistiagak (Donostia, 1932), Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) eta La Taller Bilboko espazioak jaso dituzte 2016ko Gure Artea sariak.
Golardoak Cristina Uriarte Esko Jaurlaritzako Kultura sailburuak entregatu ditu, Gasteizko Artium museoam egindako ekitaldi batean. 18.000 eurokoak dira sariak.
Sistiaga donostiarrak ibilbide artistikoaren aitormenari dagokion modalitatean jaso du; Revuelta bilbotarrak sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean; eta ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean Maite Martinez de Arenazak zuzentzen duen La Taller espazioak.
Sari horien bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena aitortu nahi dizkiete irabazleei.
Jose Antonio Sistiaga bere margolanengatik eta zinemari egindako ekarpenengatik da ezagun. "Gaur" abangoardiako artearen aitzindariz osatutako taldean parte hartu zuen.
Bere sorkuntza-lanaren lehen aroan, Sistiagaren obra margolanek osatzen zuten gehienbat, lirismoaren eta informalismoaren korronteak nagusi zirelarik, eta gero, kamerarik gabeko zinemara, zuzenean zeluloidezko pelikularen gainean marraztera, lerratu zen. XX. mendeko zinema esperimentalaren bidea jorratu zuen, hortaz, eta halaxe aitortu diote, nazioartean egindako hainbat erakusketatan.
Mabi Revueltak mundu osoan erakutsi du bere lana, eta artista plastiko gisa duen ibilbidea irakaskuntzarekin eta artearen pedagogia berrien ikerkuntzarekin uztartzen du.
Diziplinartekotasuna eta beste agente sortzaileekin izaten dituen lankidetza-prozesuak nabarmentzen dira bere lanean, sarion epaimahaiaren aburuz.
La Taller, ikusizko arteen arloko sariaren irabazlea, Bilboko kultura proiektu eta espazioa da. Gune hibridoa da, ekoizpeneko eta edizio grafikoko lantegia eta erakusketa-aretoak biltzen baititu 2010eko irailean zabaldu zutenetik. Maite Martinez de Arenaza du zuzendari.
Uriartek zoriondu egin ditu irabazleak, eta sariek gure artistak aintzatestea eta emakumeen ekarpena nabarmentzea dutela helburu azaldu du.