Martxoak 10
Guggenheimek begirada zabala egingo dio Pello Irazuren lanari
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko museoak artistaren ehun lan baino gehiago erakutsiko ditu, Andoainen jaiotako artistaren hogeita hamar urteko lanaren analisia egiteko.
Guggenheim Bilbao Museoak Pello Irazu gipuzkoar artistaren lanaren gaineko erakusketa monografikoa aurkeztuko du martxotik aurrera. 80ko hamarkadatik, euskal eskulturgintza garaikidea berritzeko oinarrizkoa izan da haren artea.
Hiru hamarkadatan, Pello Irazuk (Andoain, 1963) ibilbide artistiko sendoa eraiki du eskultura bere osotasunean, argazkigintza, irudia eta muralak uztartuz.
Guggenheimeko arduradunek azaldu dutenez, Irazuren lanen kontagaia dira giza gorputzaren, objektuen, irudien eta espazioen arteko harremanek sortzen dituzten arazoak.
“Pello Irazu. Panorama” du izena erakusketak, eta martxoaren 10ean inauguratuko dute, Lucia Agirre komisarioak adierazi duenez, euskal eskulturgintza garaikidea berritu zuten artista nagusietako baten hogeita hamar urteko lanaren analisia eskura jartzeko.
Ehun lan baino gehiago paratuko dituzte Bilboko museoan, eta Irazuren ibilbideko lan adierazgarrienak ez dira faltako.
80ko hamarkadan abiatutako ibilbidean, Pello Irazuk eskultura bere osotasunean (hiru dimentsioko lan txikietatik hasi, eta instalazio erraldoietaraino) argazkigintza, marrazkiak eta muralak uztartu ditu.