Abbadia gazteluko gidaria
Serge Lonca: ''Antton Abbadiak bultzada bat eman zion gure kulturari''
EKE
Antton Abbadiaren sortzearen bigarren mendeurrena dela eta, Abbadia gaztelua bisitatu dugu Serge Lonca gidariarekin.
Antton Abbadia (1810-1897) zientzialari euskaltzaleak Hendaiako erlaitzean eraiki zuen Abbadia gaztelua, 1864 eta 1879 bitartean. Monumentu historikoa 1996 urteaz geroz publikoari idekia da, eta Serge Lonca gidariarekin proposatzen dizuegu Antton Abbadia hobeki ezagutzea eta jauregia bisitatzea.
Xehetasun gehiago (elkarrizketaren grabaketa, argazkiak, loturak...) : eitb.eke.org
Irudimen handiko zientzialaria
Astronomoa izateaz gain, geografoa eta kartografoa zen: Etiopian egin zuen lehenbiziko kartografia modernoa. Etnologoa eta hizkuntzalaria, 14 hizkuntza menperatzen omen zituen (euskara barne). Euskaltzale sutsua, euskal kultura lagundu zuen. Irudimen handikoa, langilea: bere atsotitz preziatuenetarikoetan, ''''Lanean zoriona'''' zen. Kristau sutsua zen ere, hemen gazteluan kapera bat bada.
Kaperan ehortzia
Virginie bere emaztearen logelatik, meza segitzeko aukera bazuen, tribuna batetik. Hortik kapera oso ongi ikusten da. Antton Abbadia Parisen hil zen. Kapera huntan ehortzia izan da bai eta bere emaztea, lau urte beranduago. Pariseko Saint-Germain auzoan alokatzen zuen etxe bat baina bere etxebizitza hemen zen.
Eraikin neogotikoa eta orientalista
Antton Abbadiak gaztelu neogotiko bat nahi zuen. Irlandan sortua zelako, hango gisako gaztelua nahi zuen. Viollet-le-Duc arkitektoak eraiki zion. Famatua zen Frantzia osoan berriztapen lanengatik. Hau da bere sorkuntza bakarra, dakigunez. Ikasle kuttun bat bazuen, Edmond Duthoit izenekoa. Arkitektoak galdegin zion gaztelua apaintzea eta honen obrak segitzea. Edmond Duthoit orientalista zen, Algerian luzaz egona baitzen eta arabiar munduaz maitemindurik itzuli baitzen. Bestalde, Abbadiak bere bidaietan ezagutu zituen herriak, Etiopia eta Egiptoa, dekorazioan isladatzen dira ere. Beraz, jauregiak bi eragin ditu: erdi-arokoa, neogotikoa baita, eta orientalista.
Euskaltzalea
Aita zuberotarra zuen, Urrüstoi-Larrabilekoa, ama irlandarra. Irlandan sortu eta, ez zen han 10 urtez baizik egon. Anttonek euskal kultura sustengatu zuen. Jadanik bere aita, Michel d''Abbadie, Irlandatik itzuli zenean, Okzitaniako Toulouse aldera jo eta, hasi zen euskal kultura laguntzen. Anttonek bide ber-bera segitu zuen. Pertsonai handia, zientzia akademiakide, burges handia zen. Bere diruarekin eta bere poderea erabiliz, babestu zuen euskal kultura. Hegoaldeko idazle eta bultzatzaileekin harremanak bazituen: Arturo Campionekin bildu zen Nafarroan.
Lore jokoak
Etiopiatik itzuli bezain laster, lehen lore jokoak, poesia lehiaketak, antolatu zituen Urruñan 1851n. Jadanik Katalunian baziren, eta Okzitanian ere, aspalditik. Antton Abbadiak lehenak antolatu zituen Euskal Herrian. Gure kultura ia kasik hutsez ahozkoa izan zenari urrats handi bat eman zion Anttonek.
Astronomia behatokia
Behatokia bolumen handiko gela bat da, azkenik apaindua izan zena gaztelua bukatua izan zelarik 1879an. Ikusten dugun leiar meridianoa, alemaniar batek eginik, Parisen enkargatua izan da. Izarrak behatzeko egina, oso berezia da, ez du omen parekorik munduan. Ikusten ditugu tresnak, astronomiari lotuak, baita ere lur ikara ttipien neurtzekoak. 1897an, Antton Abbadiak gaztelua Frantziako zientzia akademiari utzi ziolarik, bi betebehar eskatu zizkion: zientzia ikertzea eta apeza bat hor egotea, auzoko baserritarrei meza emateko. Orai ez da gehiago apezik, bokazio krisiagatik. Aldiz zientzia azterketak segitzen dira: Paristik globo-fisikariek, logiziel baten bidez, hemen agertzen diren datuak ikertzen dituzte.
Liburutegia
Abbadiaren liburutegian 11 000 liburu baziren. Orai gutiago, parte bat Frantziako Liburutegi nazionalean Parisen egoten baita, horietan 1 000 liburuz osatua den euskal fondoa eta Etiopiatik ekarritako esku-iskribuak. Bi urte hautan, Iparraldeko ikerlari batek Abbadiaren euskal fondoa aztertzen ari da.&' || 'nbsp;Liburutegian, gela guzietan bezala, atsotitzak agertzen dira. Lau dira, euskaraz, bi erlijioarekin zerikusirik dutenak, hala nola ''''Jainkoa bera langile on izanagatik, nahi du lankide''''. Liburuak bi mailatan banatuak dira eta gora joateko, eskailerak hartzen dira gordetako atetxo batetik sartzeko. Zientzia liburuak dira nagusiki, baina bada besterik ere: eleberriak, ipuinak,... 1975 arte, behatokiak funtzionatzen zuen bitartean, munduko astronomoek heien liburuak elgar trukatzen zituzten.
Arte eta kultur gunea
Partaidetza batzu baditugu Euskal kultur erakundearekin, Hendaiako Herriko Etxearekin eta hemengo herri elkargoarekin. Zientzia mailan, bi urteetarik, Aranzadi elkartearekin erakusketak eta hitzaldiak antolatzen ditugu. Artista egonaldiak egiten ditugu. Euskal kultur erakundearekin, urtean 4 kantaldi edo bertso saio antolatzen dira kaperan. Datorrena, irailaren 25an, Maddi Zubeldia ziburutar kantariarekin izanen da. Urtean dozena bat festa ematen ditugu. Ez da gure helburu nagusia baina Antton Abbadia kultur bultzatzaile baitzen, guk ere segitu behar dugu bide beretik.