Abuztuaren 1era arte
'Caligula', Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiaren hasieran
Erredakzioa
'Fuenteovejuna', 'Macbeth, ¿quién es este hombre ensangrentado?' eta 'Lisistrata, la paz por güebos', besteak beste, dira aurtengo edizioaren proposamenak.
Martxan da, ostiral honetatik aurrera, Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdiaren XI. edizioa. Albert Camusen Caligula obrak hasiera emango dio jaialdiari, Nafarroako Olite udalerrian, Errege-Etxean, gaueko 21:00etan.
Erakundeen ekitaldiaren ondoren, Camusen obra klasikoaren antzezpena hartuko du La Cavako eszenatokiak. Santiago Sanchezek zuzenduta, jatorrizko egilearen testuari zehaztasuna gorde dio bertsioak. Tirania, beldurra nahiz interes ekonomikoak ditu mintzagai. Hala ere, elementu propioak sartu ditu konpainiak, topikoengandik urruntzen diren janzkera ausartiak, esaterako.
Emanaldi honekin batera, Petronioren El Satiricon obraren antzezpena ere hartuko du ostiral honetako egitarauak. Carlos II El Noble enparantzan izango da Agustin Iglesiasek zuzendutako eta Guirigay konpainiak taularatutako saio hau.
Erakusketa abuztuaren 11a arte
La moda y los clásicos erakusketa inauguratu dute ostiral honetan ere. Erdi Aroko galerietan kokatuta, Elio Berhanyer, Jesus del Pozo, Francis Montesinos, Agatha Ruiz de la Prada, Devota Lomba, Miguel Palacio eta Ana Locking diseinatzaileen 35 soineko izango ditugu ikusgai. Antzerki klasikoko pertsonaiei zuzendutako janzkerak dira.
Datozen egunetarako egitaraua
Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdian klasiko anitzak taularatuko dira, tartean, Irremediable konpainiaren Duelo de esgrima y palabras; Lope de Vegaren Fuenteovejuna, Mefisto Teatro taldearen eskutik; Compañía Teatral XXL taldearen Lisistrata, la paz por güebos; eta Macbeth, ¿quién es ese hombre ensangrentado?. Gainera, Iñaki Fresan baritononoak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak Cuatro genios en tiempos difíciles izenburuko emanaldia eskainiko dute.