Aurkikuntza
Rodinen artelan bat aurkitu dute Biarritzen
Andoni Lizeaga | Eusko Irratia
“Je suis belle” Frantziako Kultura Ministerioak “altxor nazionaltzat” izendatutako 1880ko lanaren lehen bertsioa da, eta zendutako pertsona baten etxean topatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gestas-Carrere euskal-bearnotar enkante etxeak iragarri duenez, Rodin eskultorearen artelan bat aurkitu dute Biarritzen, zendutako pertsona baten etxean.
Hain zuzen ere, “Je suis belle” Frantziako Kultura Ministerioak “altxor nazional” izendatutako eskultura ezagunaren lehen bertsioa da, 1880koa. Ostiralean aurkeztuko dute Pauen, jendaurrean, noiz eta Rodinen heriotzaren mendeurrena ospatzen den urtean.
Enkante etxetik jakinarazi dutenez, Paueko etxe batean egon zen artelana, apaingarri gisa, eta gero Biarritzeko zahar etxe baten inbentarioan azaldu zen. Azkenik, Biarritzen bertan aurkitu dute, jabea hildakoan, altzari biltegi batean, kartoizko kutxa baten barruan.
Adituek azterketa egin, eta egiaztatu dute Rodinek egina dela; horregatik, 30 hilabetez, eskultura Frantziatik atera ahal izateko debekua ezarri dute, eta 700.000 euroko asegurua egin.
1880. urteko lana da, igeltsuzkoa eta 72 zentimetro luze dena. “Jes suis belle” Rodinek Charles Baudelaireren “La beauté” poesian oinarrituta eginiko eskultura famatuaren lehen bertsio bat da.