Antzerkia
'Monólogos de la vagina', aste honetan Donostiako Antzoki Zaharrean
Erredakzioa
Ruth Nuñez, Marta Belenguer eta Rebeca Valls aktoreak dira protagonistak eta igandera arte izango da ikusgai Donostiako Antzoki Zaharrean.
Monólogos de la vagina komedia hartuko du Donostiako Antzoki Zaharrak igandera arte. Ruth Nuñez, Marta Belenguer eta Rebeca Valls aktoreak dira protagonistak Eve Enslerren lanean oinarritutako moldaketa honetan.
Hainbat emakumek beren baginarekin dute harremanaz hitz egiten du lanak. Enslerrek mundu osoko 200 emakumeri egindako elkarrizketetan oinarrituta dago, eta arraza, adin, gizarte maila eta maila ekonomiko askotariko emakume askoren esperientzia islatzen da bertan. Sexualitatea, hilerokoa, masturbazioa, orgasmoa, bortxaketa edo sexu-organuen mozketa bezalako gaiak bildu zituen Enslerrek elkarrizketa horietan, eta horiekin sortu zuen Monólogos de la vagina antzezlana.
1996an New Yoken estreinatu zen aurrenekoz, eta urte bete geroago Obie Award antzerki saria eskuratu zuen. Mundu mailako arrakasta lortu zuen denbora gutxira, publikoari dagokionez zein kritikoen aldetik. Ordutik 120 herrialdetako 200 eszenatokitan taularatu da, eta Melanie Griffith, Susan Sarandon, Kate Winslet edo Jane Fonda bezalako aktore ezagunek hartu dute parte bertan.
Gabriel Olivaresek zuzendu du moldaketa berri hau, kabaret giroko eszenatokiarekin. Eve Enslerren papera izango dute hiru aktoreek, egileak berak aurreratu bezala, ''''ikuslea emakumearen lurralde izutu eta ezezagunetan murgiltzeko''''. ''''Komedia kutsuko bidaia da kabaret berezi honetakoa: benetako historiak, itxuragabeak batzuetan, drama huts gogorenetik gertu daudenak batzuk, salaketa baitira, eta plazerik orgasmotsuenari buruzko historiak beste batzuk. Jakina, plazer eta gozamenaren lekua ere bada bagina, ospakizunerako aldarea''''.
Emanaldiak arratsaldeko 20:00etan izango dira egunero, eta, ostiral eta larunbatean emanaldi bikoitza izango dugu: 20:00etan eta 22:30ean. Sarreren prezioa 24 eta 20 eurokoa da eta salgai daude Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugeniako leihatiletan eta Kutxaren ohiko kanaletan (Telekutxan, Servikutxan eta kutxa.net webgunean).