Aste Nagusia 2010
'Tócala otra vez Sam' lanaren estreinaldia, Bilboko Euskaldunan
Erredakzioa
'La del Soto del Parral' zartzuela, 'Forever King of Pop' musikala eta 'Ser o no ser', 'Arte' eta 'El cavernícola' antzezlanak dira abuzturako eta irailerako beste proposamenak.
Bilboko Euskalduna Jauregian prest dira musika eta antzerki eskaintza zabala dakarren uda bukaerarako. Zartzuela, musikala eta komedia izango dira protagonistak Aste Nagusian eta iraileko lehen egunetan, Bilboko kongresu eta musika jauregian. Luis Merlo eta Maria Barranco aktoreak Bizkaiko hiriburuan izango ditugu Tócala otra vez Sam lanaren erabateko estreinaldiarekin. Woody Allenek idatzita, Tamzin Townsendek zuzenduko du antzezlana oraingo honetan. Irailaren 9an dugu Merlo eta Barrancorekin hitzordua. Ordura arte, La del Soto del Parral zartzuela, Forever King of Pop Michael Jacksonen omenezko musikala, eta Arte eta Ser o no ser antzezlanak izango ditugu taula gainean. Enrique San Francisco, Javier Martin eta Vicente Romero aktoreek aurkeztuko digute oraingoan Arte antzezlana, eta Amparo Larrañaga izango dugu eta Ser o no ser komediako protagonista. Nacho Novoren El cavernícola lanak itxiko du udako denboraldia Euskaldunan.
La del Soto del Parral: Abuztuaren 21ean, 22an eta 23an
Abuztuaren bukaeran, Jose Julian Frontal baritono madrildarra, Carmen Aparicio sopranoa eta Andeka Gorrotxategi Abadiñoko tenorea izango ditugu Bilbon, La del Soto del Parral zartzuela taularatzeko. Luis Fernandez Sevillarena eta Alselmo C. Carreñorena da libretoa, eta musika, berriz, Reveriano Soutullorena eta Juan Vertenena. Madrilgo La Latinan estreinatu zen 1927an, eta oraingoan oso-osorik antzeztuko da Euskalduna Jauregian. Sarreren prezioa 12 eta 40 euro bitartekoa da.
Forever King of Pop musikala: Abuztuaren 25etik irailaren 4a arte
Aurtengo Bilboko Aste Nagusian, Forever King of Pop izeneko ikuskizunaren biraren hasiera hartuko du Bilboko Euskalduna Jauregiak. Michael Jacksoni egindako omenaldia da musikala, eta 40 lagun bilduko ditu taula gainean. Poparen Erregearen arrakastak izango ditugu entzungai, bakarlari gisa egindako musika ibilbideko lanik nagusienak zein Jackson 5 bere lehen etapako doinuak ere. ''''Billie Jean'''', ''''Beat It'''', ''''Bad'''', ''''Abc'''' edo ''''I Want YouBack'''' doinu ezagunekin batera, Thriller eta Smooth criminal bezalako bideoklip mitikoak taularatuko dituzte. Poparen erregearen izpirituarekin batera, abeslariak, dantzariak, gospel koro bat eta efektu bereziak izango dira eszenatoki gainean. Sarreren prezioa 20 eta 45 euro bitartekoa da.
Arte: Abuztuaren 20tik 26ra
Arte antzezlana berri ere itzuliko da Euskalduna Jauregira, oraingo honetan Enrique San Francisco, Javier Martin (Caiga quien caiga; Mi primera vez) eta Vicente Romero (Aida,Periodistas, El Comisario) aktoreen eskutik. Yasmina Rezak idatzitako lanak 10.398 ikusle izan zituen 2008ko Aste Nagusian. Arrakasta ikusita, berriz ere programatu zuten hurrengo urteko jaietarako. Baina, Luis Merloren gaixotasunagatik antzezlana bertan behera geratu zen. Orain, berriz ere izango da ikusgai, Gabriel Olivaresen zuzendaritzapean. Sarreren prezioa 25 eurokoa da.
Ser o no ser: abuztuaren 27tik irailaren 5era
Ernst Lubitsch zuzendariak egindako filma oinarritzat hartuta antzerkirako egin den lehen moldaketa da hau. Amparo Larrañaga aktore ezaguna dugu protagonista lanetan, Julio Salvatierrak egin ditu moldaketa lanok, eta Alvaro Lavin da zuzendaria. Komedia tonuan, Bigarren Mundu Gerran Varsovian girotutako espioitza istorioa kontatzen digu. Totalitarismoei buruzko nazien aurkako umore satira bat da, baina maitasun korapiloa, antzerki taldeei egindako omenaldia eta espioitza bilbe tirabiratsua ere baditu oinarrian. Taula gainean Jose Luis Gil (Aquí no hay quien viva, La que se avecina), Carlos Chamarro (Siete vidas, Camera café) eta Diego Martín (Periodistas, Aquí no hay quien viva, Los Borgia), ere izango dira, besteak beste. Sarreren prezioa 25 eurokoa da.
Tócala otra vez, Sam (Woddy Allen). Irailaren 9tik 19ra
Irailaren 9an de Tócala otra vez Sam antzezlanaren erabateko estreinaldia hartuko du Bilboko Euskalduna Jauregiak. Luis Merlo eta Maria Barranco dira protagonistak Woddy Allenenen lehen arrakasta honetan, eta Tamzin Townsend (Un dios salvaje) dugu zuzendari lanetan.Lanak Allanen istorioa kontatuko digu, emazteak utzi berri duen zinemazale bat. Gizon horrek neurriz gaineko haluzinazio bat jasaten du, eta, haluzinazio horretan, Humphrey Bogartek ligatzeari eta emakumeekin hitz egiteko moduari buruzko aholkuak ematen dizkio. Izenburuak Casablanca film mitikoaren elkarrizketetan oharkabean nahastutako balizko esaldi bati egiten dio erreferentzia. Alabaina, esaldi hori, horrela esanda, Marx anaien Gau bat Casablancan filmekoa da. Sarreren prezioa 25 eurokoa da.
El cavernícola: Uztailaren 20tik irailaren 12ra
Nancho Novok Euskaldunara dakar antzerkiaren historian gehien antzeztu den bakarrizketa. Bikote-bizitzak dituen zailtasunari buruzko ikuskizuna da, Rob Beckerek idatzita. Kaliforniarrak sortutako testuak emanaldien errekorra hautsi zuen Broadwayn, eta 32 herrialdetan antzeztu da. 16 hizkuntzatan taularatu dute, eta mundu osoan zortzi milioi ikusletik gora izan ditu. 2000. urtean, Ingalaterran entretenimenduzko lan onenari ematen zaion Olivier Saria eskuratu zuen. Sarreren prezioa 23 eurokoa da.
&' || 'nbsp;