Itxi

Tamzin Townsendek zuzenduta

'Tocala otra vez, Sam': erabateko estreinaldia, Bilboko Euskaldunan

Erredakzioa

Woody Allenen testuaren egokitzapen honekin itzuli da taula gainera Luis Merlo, estresari aurre egiteko etenaldia egin ondoren. Maria Barranco eta Jose Luis Alcobendas ditu lagun.

Bilboko Euskalduna Jauregiak Tocala otra vez, Sam antzezlanaren erabateko estreinaldia hartu du. Woody Allen zinemagilaren lehen arrakastetako bat izan zen Tocala otra vez, Sam, eta eta lan horren moldaketa bat da Bizkaiko hirirburuan estreinatuko dena. Tamzin Townsend britainiarra dugu zuzendari lanetan, eta Luis Merlo, Maria Barranco eta Jose Luis Alcobendas aktoreak dira bertan protagonistak.

Luis Merlorentzat itzulera lana da Tocala otra vez, Sam. Izan ere, estresari aurre egiteko, eszenatokietatik urrun egon da madrildarra azken hilabeteetan. 2009ko abuztuan, Donostiako Aste Nagusian eskaini behar zituzten Arte antzezlanaren zortzi emanaldi bertan behera utzi behar izan zituzten Merloren estresagatik. 'Aquí no hay quien viva' eta 'El internado' telesailetan eta hainbat antzerki lanetan aldi berean aritu behar izateak sortu zion Merlori ''nekeak eragindako estresa''. Tocala otra vez, Sam antzezlanaren aurkezpenean Merlok berak baieztatu duenez, bere ibilbide profesionalari berriz erabat ekiten dio, eta lan honetan aritzea itzulera horren ''seinale definitiboa'' da.

Woody Allenen lehen arrakasta izan zen Tocala otra vez, Sam. Allan (Luis Merlo) da istorio honetan protagonista. Humphrey Bogartekin hitz egiteko gaitasuna duen zinema kritikaria da Allen, bikotekide bila dabil baina saiakerek ez dute inoiz emaitza onik ematen. Franken (Jose Luis Alcobendas), eta Franken emaztearen (Maria Barranco) laguntza izango du betebehar horretan.

Tamzin Townsend zuzendariaren hitzetan ''elkar maite duten baina oraindik sentitzen duten hori ezagutzen ez duten bi pertsonen arteko maitasun istorio polita'' da lana. Zinemagile estatubatuarraren lana abiapuntua izan da Townsendentzat, baina ''abiapuntua baino ez da izan jatorrizko testua''. Moldaketa bere erara egin du britainiarrak.

Irailaren 19a arte izango da Tocala otra vez, Sam Euskalduna Jauregian. Jarraian, hainbat hiritan barrena egingo duen birari ekingo dio.

Euskalduna, Jon Ortuzar Euskalduna Jauregiko zuzendariak jakitera eman duenez, dagoeneko 4.000 sarrera baino gehiago saldu dituzte.

Albisteak (1)

Bideoak (1)