Itxi

Urriak 6 – Azaroak 9

'Anni Albers: Ikusmena ukitu' erakusketa hartuko du Guggenheimek

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ehun artea berritzen aitzindaria, Albersen lana giltzarri izan zen artistaren irudia diseinatzaile gisa birdefinitzeko.

Anni Albers bere ehungintza-estudioan Black Mountain College-n, 1937. Argazkia: Helen M. Pos.

Guggenheim Bilbao Museoak "Anni Albers: ikusmena ukitu" erakusketa paratuko du ikusgai, urriaren 6tik azaroaren 9ra, "zazpi hamarkadan ehun artean izandako artista aitzindariaren obran zehar proposatutako bidaia bat". Bauhaus eskolako artista sonatuenetako bat eta Black Mountain College eskolako funtsezko pertsonaia izan zen Albers; ehun artea berritzeko bidea urratu, eta praktika tradizionaletan hizkuntza grafiko modernoa txertatu zuen.

Museotik zehaztu dutenez, erakusketan "ehun piktoriko" ugari jarriko dituzte ikusgai. Bilbeen perfekzio formala egongo da ikusgai berorietan, baita pintura moderno eta abstraktuari dagozkion hainbat kezka ere; izan ere, antzinakoari bezala, industria gizarteari lotuta dago ehungintza.

Artea, ekoizpen handietarako diseinu gisa, gehiengoarengana irits zitekeelako ideia zabaltzen zuen Albersek, Bauhaus eskolarekin bat eginda, eta, ehungintza alde batera utzi ondoren, hainbat elkarlan gauzatu zituen oihal-fabrikatzaile industrialekin. Lan horietako batzuk erakusketa honetan egongo dira ikusgai.

Ehungintza artistikoan izandako aitzindari paperagatik izan zen Albers ezagun, baita tramen tratamenduan gauzatutako berrikuntzengatik eta ehunaren motibo eta funtzio berriak bilatzeagatik ere.

Museotik azaldu dutenez, jatorrizko amerikarren arteak eta industria modernoak inspiratu zuten bere artea, eta ehungintza artisautzarekin eta emakumeen lanarekin lotzen zuten aurreiritziak uxatu zituen.


Egin gabeko oihal zintzilikarirako zirriborroa, 1926
Argazkia: Tim Nighswander/Imaging4Art
© The Josef and Anni Albers Foundation, VEGAP, Bilbao, 2017