Itxi

Arrakasta

Lucia Lacarra hamarkada honetako dantzari onena izendatu dute Moskun

Erredakzioa

Zumaiako artistak Moskuko Kremlin Jauregian jaso du saria, XXI. mendeko Izarren Galan.

Lucia Lacarra hamarkadako dantzari onena izendatu dute Errusian. Moskuko Kremlin Jauregian XXI. mendeko Izarren Gala egin zuten igandean, eta bertan jaso zuen saria Pasaiako artistak. Municheko Opera Balleteko dantzari nagusiak ikuskizuna eskaini zuen, Marlon Dino Municheko Balleteko dantzari nagusiarekin. La Prisionera eta Thais piezak taularatu zituzten elkarrekin. Galaren bukaeran, hamarkada honetako dantzari onena izendatu zuten Lacarra.

''''Benetan hunkigarria izan da saria Moskuko Kremlinaren eszenatokian jasotzea, 6.000 ikusleren aurrean. Urte hauetan zehar egindako lana goraipatzen du, eta egia esan zorte handia izan dut hamarkada honetan, mundu mailako eszenatoki ikusgarrietan gonbidatu gisa dantzatzeko aukera izan dudalako'''', esan du Lacarrak saria jaso ondoren.

Lucia Lacarra (Zumaia, 1975) Mentxu Medelen Thalia estudioan hasi zen, eta handik Victor Ullateren konpainiara egin zuen salto (1989-1994). Lau urte geroago, Marseillako Dantzari Nagusi izendatu zuten (1994-1997), eta San Franciscora joan zen ondoren, hiriko balletera. Gaur egun, Municheko Balleteko lehen emakumezko dantzaria dugu.

Urte hauetan guztietan hainbat sari jaso ditu zumaiarrak: Urteko artista onenaren DanzaDanza saria (1995), Positano saria Venezian (1995), Isadora Duncan saria (1999), Nijinski saria Monakon (2002), Benois de la Danse saria Moskun (2003), Sabino Arana Saria (2004), Dantzaren Sari Nazionala (2005) eta dantzan egindako ibilbide osoa aitortzeko saria Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkartearen eskutik (2009). Berriki, Dance Open saria ere eman diote San Petersburgon.

Albisteak (1)