Bizkaitarrentzat
Guggenheimen doan sartzeko gonbidapena azaroaren 5era arte luzatu dute
Agentziak | Erredakzioa
Guggenheim Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erakustokian doan sartzeko gonbidapena bost egunez luzatzea erabaki dute.
Bilboko Guggenheim Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erakustokian doan sartzeko gonbidapena azaroaren 5era arte luzatzea erabaki dute.
Bizkaitar adindun guztiek Guggenheimen urrian doan sartzeko gonbidapena jaso zuten etxean, Bilboko erakustokiaren hogeigarren urteurrena ospatzeko ekintza sortari zegokion ekimen bati esker.
Orain, bi erakundeek bisita egiteko epea luzatzea erabaki dute "azken bi asteotan jende ugari etorri baita, eta astirik izan ez dutenei aukera emateko". Izan ere, gonbidatutako 975.000 bizkaitarretatik 72.673 lagunek (% 7,45) erabili dute.
Bizkaitarrek irailaren bukaeran jasotako gonbidapen txartelak pertsonalak eta transferiezinak izaten jarraituko dute.
Era berean, Bizkaibusen joan-etorria egiteko balio izango dute, eta txartelarekin batera nortasuna egiaztatzeko agiriren bat erakutsi beharko da.
"Ateak, parez pare zabalik"
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez, bizkaitar guztiak Guggenheimez harro egon behar dira, eta kanpaina hau museoaren arrakasta denoi helarazteko erabaki zutela gaineratu du, "bizkaitar guztiei ateak parez pare irekitzeko".
Museoaren XX. urteurrena ospatzeko, "Reflections" ikuskizuna egin zuten urriaren 11tik 14ra. Mapping ikuskizun horretan, irudiak proiektatu zituzten museoko hormen gainean.