Itxi

VII. edizioa

Salvador Larroca marrazkilaria, Donostiako Komiki Jardunaldietan

Erredakzioa

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barneko jardunaldi hauetan Dani Fano, Guillermo Gonzalez eta Isabel Mancebo Baldar marrazkilarien lanak izango ditugu ikusgai.

Salvador Larroca valentziarra izango dugu protagonista Donostiako VII. Komiki Jardunaldietan. Aurtengo edizioan, gainera, Dani Fano, Guillermo Gonzalez eta Isabel Mancebo Baldar artisten erakusketak izango dira.

Salvador Larroca valentziarra super-heroien marrazkilari famatuenetakoa da gaur egun. Planeta de Agostinin hainbat ilustrazio eta istorio argitaratu ondoren, 1994. urtean Marvel Comics enpresan hasi zen lanean. AEBetan, Ghost Rider, Lau izugarriak, X-Men, Spiderman eta Iron Man pertsonaia ezagunen komikien arduraduna izan da. Marrazkigintzan maisuak diren artista ospetsuekin aritu da, Stuart Immonen handiarekin esaterako, eta behin baino gehiagotan saritu dute horren lana. Komikiaren munduan Oscar sarien baliokidea den Eisner golardoa jaso duen aurreneko espainiarra da.

Euskadi Fantastikoa sailak euskal egileek azken sei urteotan egindako lanak errepasatuko ditu. Honen harira, Dani Fano, Guillermo Gonzalez eta Isabel Mancebo Baldar artisten marrazkiak erakutsiko dituzte aurtengo jardunaldietan. Fano donostiarra, besteak beste, Mutxo, Elhuyar, Ipurbeltz, Ardi Beltza eta Kale Gorria argitalpenetan aritu da lanean, eta Udal Liburutegi Nagusian izango dira ikusgai horren lanak.

Guillermo Gonzalez bilbotarrak animazio tradizionalaren eremuan egin du lan. Ipotxen munduari buruz egindako L''univers des nains argitalpenak arrakasta handia lortu du Frantzian. Okendo Kultur Etxean izango dira horren lanak.

Isabel Mancebo Baldarrek tresna eta teknika desberdinak erabiltzen ditu lanak burutzeko. Miragarriak lanerako modan eta zineman inspiratu da. Marrazkilari iruindarrak animalia, pizti eta bestelako animalia ugari dituen mundu bat sortu du. Horren lana ikusteko, Principe zinemara jo beharko dugu.

Jardunaldi hauek Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barnean antolatu dituzte, eta artista hauen lanak urriaren 29tik abenduaren 2ra izango ditugu ikusgai.

Albisteak (1)