Itxi

Urriaren 21etik 23ra

'Fin de partida', Jose Luis Gomez protagonista duen lana, Arriagan

Erredakzioa

Samuel Beckettek idatzitako antzezlana dugu. Susi Sanchez, Lola Cordon eta Ramon Pons ere izango dira taula gainean.

Urriaren 21ean, ostegunean, Fin de partida antzezlana taularatuko dute Bilboko Arriaga Antzokian. Bizkaiko hiriburuko antzoki ezagunak aurten programatu dituen koprodukzioetan lehena dugu hau. Euskadi mailan, gainera, estreinaldia izango da osteguneko emanaldia.

Samuel Beckett irlandarraren bigarren antzezlana da Fin de partida. Mendebaldeko antzerkigintzan oinarrizko egile dugu Beckett, eta Godoten esperoan (1953) testu ezaguna berea da, esaterako. Oraingoan, Jose Luis Gomez aktore eta zuzendaria da lan honetako protagonista. 1988an Espainiako Antzerki saria irabazi zuen Gomezek eta, berriki, Goya’s Ghosts (Milos Forman) eta Los abrazos rotos (Pedro Almodovar) pelikuletan ikusi ahal izan dugu. Arriaga Antzokiko taula gainean Susi Sanchez, Lola Cordon eta Ramon Pons izango ditu lagun.

Mundua itzali egin zaie lan honetako bi protagonistei, eta espazio klaustrofobiko batean bizirautea besterik ez dute. Hamm (Jose Luis Gomez) ugazaba itsua da eta gurpil-aulkian eserita bizi da. Bertatik, esertzeko aukerarik ez duen Clov (Susi Sánchez) morroiari ematen dizkio aginduak. Horiekin batera, Nagg (Ramón Pons) eta Nell (Lola Cordón), Hammen gurasoak, ere izango ditugu istorio honetan. Bizikleta istripu batean hankak galdu eta orain zakarrontzi barruan bizi dira. Zoriontsu izateko ametsa oraindik ez dute galdu, ordea.

Teatro de la Abadia antzokiak ekoitzi du Fin de partida, Arriaga Antzokiaren, Valladolideko Calderon antzokiaren, Kantabriako Jaialdi Jauregiaren eta El Canal Salteko (Girona) Centre D´arts Escèniques antzokiaren laguntzarekin. Joan den apirilaren 7an estreinatu zen antzezlana Madrilen, eta orain Bilbon dugu Krystian Lupak zuzenduta. Urriaren 21etik 23ra bitartean izango da bertan, arratsaldero, 20:00etan.

Sarreren prezioa 6,40 eta 21 euro bitartekoa da, eta salgai daude Arriaga Antzokiko leihatiletan, teatroarriaga.com webgunean, 944 310 310 telefonoan eta BBK orotariko kutxazainetan.



Albisteak (1)