Itxi

Herbehereetako pintura

Arte Ederretako ikasle batek eraso egin dio Guggenheimeko lan bati

Erredakzioa

Jan Victors artistaren 'Booz recibe la herencia de Elimelec' margolanak jaso du erasoa. Bisitaria koadroaren kontra joan da, hiru zentimetroko arma zuria eskuan zuela.

Guggenheim Bilbao Museoko bisitari batek Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura bildumako margolan bati egin dio eraso gaur goizean.

Museoak ohar batean jakinarazi duenez, goizeko 11:17ean gertatu da ezbeharra. ''''Bere buruaren jabe ez zen gazte bat'''' lanaren kontra joan da, hiru zentimetroko arma zuria eskuan zuela.

Jan Victors margolariaren Booz recibe la herencia de Elimelec margolanak jaso du erasoa. Ireki berri duten Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura erakusketako piezetako bat da.

Guggenheim Museoko segurtasun departamentuak arin erantzun dio erasoari, eta margolanak jasandako kalteak leunak omen dira: sei harramazkada pinturan eta hiru zentimetro inguruko ebakidura.

Berriztapen taldeak berehala egonkortu ditu kaltetutako atalak eta, lehen balorazio baten arabera, margolanak ez omen du ageriko kalterik izango.

Erasotzaileak Arte Ederretako ikasle gisa identifikatu du bere burua. Museoak salaketa jarri dio gazteari, eta datozen egunotan epailearen esku geratuko da.

Albisteak (1)

Bideoak (1)