Itxi

Azaroaren 4an eta 5ean, Bilbon

'Casa de muñecas', Silvia Marsó protagonista duen lana, Arriagan

Erredakzioa

Henrik Ibsenen testuan oinarrituta dago. Taula gainean Roberto Alvarez, Pedro Miguel Martinez, Rosa Manteiga, Francesc Albiol, Mamen Godoy, Cuca Villen eta Ionel Pena aktoreak ere izango dira.

Casa de muñecas antzezlana hartuko du gaur eta bihar Bilboko Arriaga Antzokiak. Henrik Ibsen idazlearen testuan dago oinarrituta, eta Silvia Marsó aktorea dugu bertan protagonista, Nora emakumearen paperean. Amelia Ochandianoren zuzendaritzapean, taula gainean beste zazpi aktore izango ditu lagun: Roberto Alvarez (Helmer senarra), Pedro Miguel Martínez, Rosa Manteiga, Francesc Albiol, Mamen Godoy, Cuca Villen eta Ionel Pena. Lan ezagunaren bertsio hau otsailean estreinatu zen, Sevillan.

Henrik Ibsen Norvegiako antzerkigilea 1828an jaio zen Skienen, eta Kristianian (gaur Olso) hil zen, 1906an. Egile ez-garaikideenen artean, antzerkigintza unibertsala errotik eraldatu zuen idazle honenak dira gaur egun gehien antzezten diren lanak.

1879an Ibsenek Casa de muñecas lana idatzi zuen, prosaz sortu zuen bigarren testua. Orduan iskanbila handia sortu zuen Nora emakume protagonistaren jarrerak. Bere senar-emazte harremanean egokitu zaion mendekotasun paperarekin ez da ados egongo Nora, eta itxuraz bikaina den harremana apurtu egingo du. Emakume heroi, gogor eta independientea da Nora, senar ahularen aldean.

Sarreren prezioa 6,40 eta 21 euro bitartekoa da, eta Arriaga Antzokiko leihatiletan, teatroarriaga.com webgunean, 944 310 310 telefono zenbakian eta BBKren orotarako kutxazainetan daude salgai.


Albisteak (1)