Itxi

Azaroaren 25ean

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia itxiko du Mario Gasek

Erredakzio

Tenesse Williamsen 'Un tranvía llamado deseo' klasikoa Gasteizen estreinatuko du esklusiban zuzendari uruguaitarrak. Gainera, umeentzako eta haurtxoentzako egitarau oso bat eskainiko du jaialdiak.

Abian da Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 35. edizioa. Urriaren hasieratik, nazioarteko antzezte arteetako abangoardia eta proposamen berritzaileenak ekarri ditu jaialdiak.

Mario Gas eszena zuzendaria eta aktorea Gasteizen izango da azaroaren amaieran, hilaren 25ean, zehazki, bere azken antzezlana esklusiban Euskadin estreinatzeko: Tenesse Williams eleberriaren Un tranvía llamado deseo, XX. mendeko literatura estatubatuarraren obra klasikoa. Vicky Peña, 2009ko Antzerki Sari Nazionala, eta Urtain lanagatik aktore onenaren Max saria lortu zuen Roberto Alamo arituko dira oholtza gainean.

El Joglars Kataluinako antzerki konpainiak 2036 Omena-G izenburuko lana estreinatu zuen jaialdi honetan igaro den hilean. Orain, azaroan, antzerki emanaldiak aurrera dirau. Gasteizko Principal Antzokiak Tanttaka euskal konpainiaren No me hagas daño antzezlana hartuko du. 2009. urtean Donostiako Kutxa Saria jaso zuen Rafael Herrero Martinezek idatzi du obra eta tratu txarrak du hizpide. Protagonisten artean, Maiken Beitia, Kike Diaz de Rada eta Olaia Gil, besteak beste, aurki ditzakegu. Azaroaren 12an estreinatuko da. Era berean, Txiletik datorkigu Teatrocinema taldearen Sin sangre lana. Alessandro Bariccoren Senza sangue testuan oinarrituta, zinemaren eta antzerkiaren ezaugarriak uztartzen dituen proiektua da. Muntai hau ikusgai izango dugu azaroaren 19an.

Umeentzako eta haurtxoentzako egitaraua

Mota guztietako publikoari antzezte arteak hurbiltzea du helburu aurtengo edizioak. Horren harira, umeek haientzako bereziki dedikaturiko egitaraua prestatu du jaialdiak. Teatro Paraíso euskal taldearen eta Les Ateliers dela Colline konpainia belgikarren artean ekoiztutako Vuela si puedes estreinaldi nazionala hartuko du Principal Antzokiak. 7 eta 11 urte bitarteko umeei zuzendutako obra dugu. Haurtxoak ere protagonista izango dira aurten. Federico Garcia Lorca Antzokian 1 eta 3 urte bitarteko haurtxoentzako emanaldiak eskainiko dituzte.

Antzerkia Zabaltzen sailaren barnean, Arte Eszenikoen V. Jardunaldiak ospatuko dituzte datorren azaroaren 22an eta 23an Gasteizko Europa Kongresu Jauregian. Aurtengo edizioak zirkua omenduko du eta hori dela eta, publiko guztiei zuzendutako eta akrobazietan, dantza garaikidean, umorean eta musikan, besteak beste, oinarritutako lau ikuskizun taularatuko dituzte.

Deskontuak sarreretan

Gasteizko Principal Antzokiaren txarteldegian, generaltickets.com webgunearen bitartez, 945 161045 telefonoan eta Vital Kutxako bi bulegotan (Independentzia eta Obispo Ballester kalekoak) eros daitezke saio guztietarako sarrerak. Deskontuak lor dezakete Ikusle Txartela dutenek, langabetuek, aldez aurretik erretiratuek, 65 urtetik gorakoek eta 30 urtez azpikoek.

Albisteak (1)