Itxi

Dantza

Lyongo Operaren Balletak 'Giselle' taularatuko du Bilboko Arriagan

Erredakzioa

Lan ezagunaren bertsio garaikidea landuko dute dantzariek, larunbatean eta igandean. Yourgos Loukos dugu zuzendari artistikoa, eta koreografia Mats Ekena da.

Lyongo Operaren Balleta hartuko du asteburu honetan Bilboko Arriaga Antzokiak. Giselle lanaren bertsio garaikidea eskainiko du taula gainean ballet ezagunak.

Guztira 18 dantzari izango dira Arriagan. Caelyn Knight dugu bertan buru, Giselle protagonistaren paperean. Denis Terrasse dantzariak egingo du gizonezkoarena.

Mats Ekek sinatzen du ikuskizunaren koreografia, eta Yorgos Loukos dugu zuzendaria. Larunbatean, hilak 20, arratsaldeko 20:00etan izango da ikuskizuna. Igandean, azaroak 21, 19:00etan hasiko da.

Pariseko Operan estreinatu zuten Giselle 1841ean. XIX. mendeko lehen hamarkadetako joera estetiko eta filosofikoarekin bat egiten du lanak: ametsen eta irrealaren munduak literatura, antzerkia, opera eta dantza hartuko du, materialistegia den ohiko munduari aurre egiteko.

Asteburu honetan Bilbon dugu lan ezaguna ikusgai, aurkezpen berritzaile eta original batekin. Oraingoan Alemaniako bazter hotzak albo batera utzi eta tropiko aldeko sumendi-irla batera eramango gaitu lanak.

Azken hogei urte hauetan mundu mailan arrakasta handia lortu duen dantza garaikidearen programa zabala landu du Lyongo Operaren Balletak.

''Giselle'' ikusteko sarreren prezioa 9,60 eta 38 euro bitartekoa da, eta Arriaga Antzokiko leihatiletan, teatroarriaga.com webgunean, 944 310 310 telefono zenbakian eta BBKren orotarako kutxazainetan daude salgai.

Albisteak (1)

Bideoak (1)