Itxi

Itxieraren iragarpena dela-eta

Museoak ondarearen jabetza partekatzea proposatu du Jaurlaritzak

Erredakzioa

Kultura Sailak ''bere esku dagoena egiteko konpromisoa'' hartu du. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du uste museoa erabat itxiko denik, eta Odon Elorzak kudeaketa eredua aldatzeaz hitz egin du.

Chillida-Lekuk martxan jarrai dezan ''''bere esku dagoena egiteko konpromisoa'''' hartu du Eusko Jaurlaritzak, eta ondarearen jabetza partekatzeko aukera aztertzea ere jarri du mahai gainean. Hori jakinarazi du ohar baten bidez Kultura Sailak, gaur Chillida-Lekuko arduradunek museoa itxi behar dutela iragarri ondoren. Chillida-Lekuk lan erregulazioa egingo dutela iragarri du, baita 2011ko urtarrilaren 1ean museoa itxiko dutela ere. Artistaren senideek agiri batean jakinarazi dutenez, defizita jasangaitza da.

Iragarpen honen aurrean, familiarekin konponbide bat lortzeko lanean diharduela, eta museoak martxan jarrai dezan ''''bere esku dagoena egiteko konpromisoa'''' hartu duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Kultura Sailak argitu duenez, urtebete baino gehiago daramate ''''Chillidaren familiarekin lanean, egungo espazioaren kudeaketa nahiz jabetzaren egoera-txostena egiteko, hainbat alderdiren arteko negoziazioak abiatu eta, arrakasta izanez gero, Chillida-Lekuren jarraipena bermatzeko''''.

Ohar horretan adierazi dutenez, txosten teknikoa amaituta dago eta Chillida familiari aurkeztu diote dagoeneko. Horrela, ''''negoziazio-prozesu bat abiatu da, bi kontu hauek aintzat hartuta: Chillida-Lekurentzat kudeaketa-eredu iraunkorra zehaztea, eta ondarearen jabetza partekatzeko aukeren azterketa egitea''''.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, ez du uste museoa erabat itxiko dutenik. Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak komunikabideen bitartez izan du itxieraren berri. Eusko Jaurlaritza bezala, Aldundia ere familiarekin harremanetan dagoela adierazi du diputatuak, museoaren eta bertan biltzen den lanaren garrantziaren aurrean, arazoari irtenbidea bilatzeko. Museoaren kudeaketa mistoa aurrera eramateko aukerari buruz galdetuta, Aranburuk erantzun du hainbat proposamen har daitezkeela aintzat, baina alderdietako bakoitzak bere baldintzak jartzen dituela: Familiak museoaren ideologiaren alde egiten du, eta erakundeek diru publikoarekin egiten dute lan.

Odon Elorza Donostiako alkateak atsekabez hartu du museoaren itxieraren iragarpena. ''''Instituzioen diru-laguntza nahikorik'''' eduki ez izanaren eta krisiaren beraren ''''ondorio logiko'''' gisa ikusten du hartutako erabakia. Erakundeak biltzeko mahaia deitu du berriz Elorzak, ''''kudeaketa eredua aldatuta Chillida-Lekuren arazoari konponbidea emateko''''.

Albisteak (3)

Bideoak (3)