2018ko udan
Rijksmuseum Amsterdameko museoak Chillidaren 9 eskultura erraldoi erakutsiko ditu
Agentziak | Erredakzioa
Donostiar artistaren eskulturak museoko lorategian egongo dira ikusgai, ekainaren 22tik irailaren 23ra.
Rijksmuseum Amsterdameko museoak Eduardo Chillidaren bederatzi eskultura erraldoiz osatutako erakusketa hartuko du udan, museoaren kanpoaldean, zeinaren bidez bidaia bat egin ahal izango baita donostiar artistaren sormenaren aldi ezberdinetan zehar, museotik bertatik iragarri dutenez.
Lanen jatorria dira MACBA Arte Garaikideko Bartzelonako museoa, Peggy Guggenheim Veneziako bilduma, Eduardo Chillida-Pilar Belzunce Hernaniko fundazioa, Ordovas Londreseko galería eta bilduma pribatu bat.
“Eduardo Chillidak ekarpen azpimarragarria egin zion XX. mendeko eskulturaren berriztapenari, eta bere belaunaldiko figura nabarmenenetakoa da”, adierazi du Alfred Pacquement Pompidou zentroko zuzendari ohi eta Rijksmuseumeko erakusketaren komisario gonbidatuak.